Argazkilaritza

Ezkutuko hori ikusarazten

2021eko World Press Photo sarietarako izendatu dute Aitor Garmendia argazkilaria, Espainiako txerri haztegi batzuetan egindako argazki sorta batengatik.

Animalien aurkako indarkeria islatzen duten argazkietako bat. AITOR GARMENDIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Izendapen honek animalien aurkako indarkeriaren gaia eztabaida publikoan jartzeko balio izan du». Aitor Garmendia argazkilaria «pozik» agertu da 2021eko World Press Photo lehiaketaren atarian. Datorren ostegunean, apirilaren 15ean, egingo da fotokazetaritzako nazioarteko lehiaketarik handienaren sari banaketa. Pandemiaren ondorioz, modu telematikoan egingo da aurten. Lehiaketako hautatuak zortzi kategoriatan sailkatuta daude, eta, zehazki, ingurumenaren atalean izendatu dute Garmendia. Inside the Spanish Pork Industry: The Pig Factory of Europe izenburua duen argazki sortak Espainiako txerri haztegi batzuetan egindako argazki erreportajea erakusten du.

Garmendiaren argazkiek abeltzaintzaren opakutasuna eta animalien ustiapen industrialaren barruan gertatzen diren «abusuak» dokumentatzen dituzte. «Abusu horiek ez dira kasu bakanak; animaliak hazi eta esplotatzeko sistemaren parte dira», azpimarratu du Garmendia argazkilariak.

Izan ere, gero eta kezka handiagoa dago animaliek abeltegietan jasotzen duten tratuaren inguruan, eta, gainera, zailtasunak jartzen dituzte instalazioetara sartzeko baimena eskatzean. Ondorioz, argazki sorta horren bitartez, bestelako helburu bat ere lortu nahi izan du argazkilariak: «Animalien egoera salatzeaz gainera, ezkutuan diharduten ikertzaileen lana azaleratu nahi dut, sarritan abeltegietan infiltratu behar izaten dutelako irudi horiek lortzeko eta herritarrekin partekatzeko».

Argazki erreportajean 2019. eta 2020. urteen artean ateratako argazkiak agertzen dira. Hala ere, irudi horiek lortzeko, anonimotasunean mantentzea erabaki duen pertsona talde batekin sartu zen Garmendia Espainiako 32 txerri ustiategitara: «Baimenik gabe sartu ginen, gauez». Erabaki «arriskatua» izan zela azpimarratu du argazkilariak, baina emaitzak merezi izan du, Garmendiaren hitzetan: «Debekatuta dago modu librean instalazio horiek bisitatzea; hortaz, ezkutuan sartzea baino ez zitzaigun geratzen».

Horrela, animalien ustiapen industrialaren barruan gertatzen diren abusuak aurrez aurre ikustea eta dokumentatzea lortu du Garmendia argazkilariak. Modu berean, animalien eta txerrien ongizateari buruzko araudiaren arau hausteak erregistratzea ere lortu du, argazki kamera baten bitartez.

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da, gainera, Garmendia, eta aurretik ere hainbat argazki lan egindakoa da. Etxaldeetan egon da, hiltegietan, zoologikoetan eta animaliak erabiltzen dituzten beste hamaika tokitan. Egindako argazkiek, gainera, oihartzun handia izan dute hainbat herritan. World Press Photo lehiaketako izendapena jasotzea, ordea, «ezusteko handia» izan da argazkilariarentzat: «Goi mailako lanak daude, eta, alde horretatik, oso pozik nago izendapenarekin, baina, aldi berean, erantzukizun handiagoa daukadala sentitzen dut».

Indarkeria, denen begietan

Mundu osoko argazkilariek hartzen dute parte World Press Photo fundazioak antolatzen duen lehiaketan. Aurten 64. aldia bete du, eta guztira, 74.500 argazki aurkeztu dituzte. Ostegunean jakingo da nor diren irabazleak.

2015etik Tras los Muros proiektuan bete-betean sartuta dago Garmendia. Talde lan batetik sortutako proiektu pertsonal bat da, eta orain ere beste egitasmo batean lanean ari da: «Aurrera begira zer egin nahi nuen erabaki behar nuen. Halako batean, argazki kamera bat erosi nuen, eta, orduz geroztik, dena modu intuitibo batean gertatu da, gaur arte». 1990eko hamarkadaren amaieran hasi zen animalienganako tratu txarren inguruan kontzientzia hartzen, Ingalaterran egindako egonaldi batean. «Animalien aurkako tratu txarrez gainera, animalien esplotazioa ere bazegoela erakutsi zidaten bertan, eta horrek sekulako eragina izan zuen nigan», azaldu du Garmendiak. Ordutik, animalien aurkako indarkeria lantzen ari da, eta, era berean, «gizartea horretaz jabetzea eta ikusgaitasuna lortzea» dira bere asmoetako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.