Etnografia

Ameriketatik dator oihartzuna

Euskal Artzainak Ameriketan museoa ireki dute Elgorriagan, Nafarroan, artzain aritzeko Ozeano Atlantikoa zeharkatu zutenen bizipenak eta memoria gordetzeko.

Tomas Ibarra eta Lucio Irisarri, Ameriketara artzain joandako euskaldunak, Elgorriagako museoan dagoen orga estaliaren barruan. JON URBE / FOKU.
Iker Tubia.
Elgorriaga
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Argazkiak lerro-lerro. Hala ageri dira Elgorriagako (Nafarroa) errota zaharberrituan. Orain, museo bat da: Euskal Artzainak Ameriketan museoa, hain zuzen ere. Sabaian fitxa modukoak daude lerrokaturik, zintzilik. Irudietan, Elgorriagatik eta Malerrekako gainerako herrietatik Ameriketara joandako artzainak daude, haiei buruzko datuekin. Irudietako batean artzain gazte bat dago zaldi gainean, kapela buruan. Tomas Ibarra da (Zubieta, Nafarroa, 1945). «Behin bakarrik jantzi nuen kapela, argazki hori egiteko». Beste batean gazte bat ageri da auto baten aurrean, irribarretsu. Lucio Irisarri da (Arizkun, Nafarroa, 1947). Urteak pasatu dira; beraz, beste itxura batekin agertu dira museoaren nondik norakoak azaltzera.

Ezkurra ibaiaren ertzean orga estali bat eta oihal etxe altu bat daude zelaiaren gainean. Egurrezko kartel handi batek ongietorria ematen du: Welcome. Euskal sheep camp (Ongi etorri. Euskal ardi zelaia). Horren azpitik pasatuta, zubitxo baten gainetik igaro, eta han, errota zena, museo bilakaturik ageri da. Barruan, artzainen fitxak ez ezik, AEBetan ibili zituzten gauzak gerrikoak, kapelak, zaltokiak, baxerak, argazki kamerak, maletak... eta artzainen elkarrizketak biltzen dituen bideoa ere badaude. AEBetan jasotako oihal handi bat ere badute zintzilik, Kern konderriko artaldeen ikur guziak brodaturik dituena. «Gaur egun esanen lukete ardien markak direla horiek», bota du Ibarrak. Museoa zabalik da asteburuetan.

Memoria gunea

Kontent agertu dira Ibarra eta Irisarri haien gazte garaiko bizipenak museoan gorderik ikusita. Auzolanean prestatu dute errota, eta lan horretan buru-belarri aritu da, besteak beste, Irisarri: «Ilusioa egiten du hango argazkiak eta hango kontuak bilduta ikusteak». Berehala hasi dira kontu kontari. Irisarrik 1965ean utzi zuen Elgorriagako bizitokia Baskerfielden lanean aritzeko (Kalifornia, AEB). 1974an itzuli zen Euskal Herrira. Ibarrak 1973an bidaiatu zuen Fruitara (Colorado, AEB), eta 1976an itzuli zen etxera.

Haiek egindako bide bera egin zuten euskaldun anitzek XIX. eta XX. mendeetan. Batzuk itzuli ziren; beste batzuk han geratu ziren. «Zubietatik joan ginen 30 lagun 15 urtean; horietatik hamalau han geratu ziren», ohartarazi du Ibarrak. Erakusketan azaltzen denez, emigrazio masiboa izan zen hura: Kaliforniako urrearen sukarrarekin hasi, eta gero beste estatuetara zabaldu zena. Migrazio fluxurik handiena 1950eko eta 1960ko urteetan izan zen. Artzain ibiltzeko lan kontratuarekin joaten ziren: «Derrigorrez hiru urte egin, eta bueltatu behar zenuen», kontatu du Irisarrik. «Hegazkin osoak eramaten zituzten, eta ekarri ere bueltan», gehitu du Ibarrak. Izan ere, hiru urte eta erdiko kontratuak ziren, eta horiek berritzeko, Euskal Herrira itzuli behar izaten zuten artzainek. Ibarrari ez zioten geratzeko baimenik eman. Irisarrik karta berdea lortu zuen hiru urte pasatuta: «Hori zen lanean gelditzeko nahi zenuen tokian; bertzela, artzain aritu behar zenuen».

Zenbat buru hainbat bizipen. Irisarrik ez zuen denbora askorik eman artzain lanetan. Bederatzi urte egin zituen Kalifornian: «Ardi rantxoan egon nintzen lau urtez langileendako janaria prestatzen. Hiru urte eginda etorri nintzen, eta bueltan hotel batean aritu nintzen, sukaldean: haragia erretzen». Lehenbiziko sei hilabeteak egin zituen artzain: «Behin, 30 egun egin genituen mendian: anaiarekin joan nintzen goitiraino, eta han bera gelditu zen». Elgorriagan iltzaturik dagoen oihal etxearen moduko bat ibili zuten lo egiteko.

Hasiera gogorra

Ibarra artzain aritu zen AEBetan emandako urteetan. Hasiera gogorra izan zela onartu du: «Nahiz eta mentalki oso fuerte joan, gero ez gara hain indartsuak. Baina aguantatu nuen olatua, eta zortzigarren hilabetetik aurrera hobeki». Denetarik egokitu zitzaion: basamortua, 1.500 metrora, 2.500 metrora udaberrian eta goi mendietan elurra kendu eta etorri bitartean. Bi urtez egon zen horrela, Colorado eta Utahko mugan. Gero, Kalifornia eta Colorado artean aritu zen, bildots kanpainetan, bat bukatutakoan hasten baitzen bestea.

Lan gogorra zen bildotsena, baina berak oroitzapen onak ditu. Goi mendietakoak ere bai: «Belaguaren antzekoa zen, baina erraldoia. Mendi guzia zuretzat izatea ederra zen». Gogorra ere bai, askotan inor ikusi gabe egoten baitziren artzainak. Urruti tokatzen ez bazen, elkarri bisitak egiten zizkioten. Euskal jaiak ere egiten ziren; baina batzuk urtean behin jaisten ziren menditik, Urtezahar egunez. Irisarrik igandeak libre zituenez, euskal dantza taldean aritu zen. Ez zen harritzekoa, han euskaldun asko baitzen. Rantxoen jabeak ere euskaldunak edo euskaldunen ondorengoak izaten ziren. Orain, garai hartako bizipenak ez dira galduko. Elgorriagan argi aditzen da Ameriketatik heldu den oihartzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.