Euskal diaspora

Euskal Astea, baleen herrian

Saint-Pierre eta Mikeluneko Euskal Astea ospatu dute abuztuan. COVID-19aren ondorioz, egitaraua egokitu dute, baina aurten ere euskal kultura eta kirolak izan dira diasporako jaiaren ardatz nagusiak.

Orok Bat dantza taldea Saint-Pierre eta Mikeluneko herritarrek osatzen dute, eta euskal dantzak dantzatzen dituzte. BERRIA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Euskal herritarrek mendeak daramatzate Ozeano Atlantikoa zeharkatzen, izan baleak arrantzatzeko, izan bizitza hobe bat bilatzeko. Ondorioz, euskal diaspora zabala dago Amerikan. Euskaldunen migrazio garrantzitsua jaso zuen Ternuaren ondoan dagoen Saint-Pierre eta Mikelune artxipelagoak. Are gehiago, ikurrina ere azaltzen da bandera ofizialean.

Euskal diasporak elkartzeko eta antolatzeko joera izan du, eta horren ondorio dira euskal etxeak: mundu osoan daude euskal kultura mantentzen duten elkarte horiek. Saint-Pierre eta Mikeluneko euskal etxea 2017an sortu zuten, eta aurten Saint-Pierre eta Mikeluneko 39. Euskal Astea antolatu dute, abuztuan.

COVID-19aren ondorioz munduko hainbat txokotako euskal jai ugari bertan behera geratu diren arren, Saint-Pierre eta Mikelunekoek antolatzen jarraitu dute: «Artxipelago osoan uda honetan izandako festa bakarra izan da Euskal Astea», esan du Edith Urtizberea Saint-Pierre eta Mikeluneko euskal etxeko lehendakariak. Abuztuaren 10etik 16ra ospatu zuten Euskal Astea.

Osasun krisiaren ondorioz, Euskal Astearen egitaraua egokitu egin dute, baina euskal kulturak protagonista izaten jarraitu du. «Euskal Astearen barruan esku pilotako txapelketa egin dugu, bertako pilotariekin; euskal mitologiarekin lotutako ipuinak kontatu dizkiegu haurrei; euskal gastronomia dastatu dugu; euskal kantak abestu dituzte Bankuen korukoek; euskal dantzak egin dituzte Orok Bat taldekoek; bestelako ekitaldi musikalak egon dira; eta haurrentzako tailerrak ere izan ditugu», azaldu du Urtizbereak.

COVID-19ak baldintzatuta

Saint-Pierre eta Mikeluneko Euskal Astea izan da Euskal Herriko mugez haraindi antolatutako euskal festa bakarrenetarikoa, baina COVID-19ak guztiz baldintzatu du festa. Batetik, egitaraua egokitu behar izan dute: «Adibidez, Euskal Herritik lau pilotari etorri behar ziren, baita Ezpeletako [Lapurdi] txaranga ere, hamar musikarik osatua. Egoeraren ondorioz, ez dira etorri», Urtizberearen arabera.

Bestetik, hainbat osasun neurri ere hartu dituzte: «Gel hidroalkoholikoa eskura egon da, eta maskara eramatea derrigorrezkoa izan da. Pertsonen arteko distantzia bermatzeko neurriak ere hartu ditugu», euskal etxeko lehendakariaren arabera.

Euskal Astearen balorazio «oso ona» egin du Urtizbereak: «Saint-Pierre eta Mikeluneko Euskal Asteak beste urteetan herritarren harrera oso ona izan du, baina aurtengo osasun egoeraren ondorioz, jende gutxiago bildu da. Hala ere, artxipelagoan uda honetan antolatu den festa bakarra izan da».

Nahiz eta Euskal Astea lau hamarkadaz ospatu izan den, 2017an sortutako euskal etxea da gaur egun festa antolatzen duena. Leo Haranek sortu zuen, beste batzuen artean: munduko 190.a. «Saint-Pierre eta Mikeluneko, Euskal Herriko eta atzerriko euskaldunak lotzen ditu gure euskal etxeak», azaldu du lehendakariak.

Euskal Asteaz gain, urtean zehar beste hainbat jarduera ere antolatzen dituzte, Urtizberearen arabera: «Kirol txapelketak, udalekuak, azokak, eta euskara eta euskal dantza ikastaroak antolatzen ditugu. Euskal liburutegi bat sortzeko asmoa ere badugu».

Saint-Pierre eta Mikeluneko euskal etxeak 146 kide ditu, eta horietako askok euskal jatorria dute: «Kide askoren arbasoak Ziburu, Ahetze [Lapurdi], Pasaia [Gipuzkoa] eta Berakoak [Nafarroa] dira. Hala ere, euskal jatorria ez duten kideak ere badaude», Urtizberearen arabera.

Ikurrina, haien banderan

XIII. eta XVII. mendeen artean euskaldun asko joan ziren Saint-Pierre eta Mikelune eta Ternua ingurura, baleak arrantzatzera. Hala ere, XVIII. mendetik aurrera, eta gehienbat 1870. urtearen inguruan, euskal herritar askok migratu zuten Saint-Pierre eta Mikelunera. Haiek eraiki zuten Saint-Pierre hiriburuko katedrala eta Zazpiak Bat frontoia, 1906an, eta ordutik hona, euskaldunen aztarna handia izan da han.

Euskaldunek Saint-Pierre eta Mikelunen izan zuten garrantzia handia izan zen, eta haien bandera ofizialak ondo adierazten du hori: «Saint-Pierre eta Mikeluneko banderan La Grande Hermine itsasontzia azaltzen da: itsasontzi horrekin iritsi zen Jacques Cartier artxipelagora, 1536an. Ezkerraldean, artxipelagoko biztanleriaren jatorria adierazten duten hiru bandera daude: Bretainiakoa, Normandiakoa eta ikurrina», Urtizberearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.