Ireki arte ez baita jakiten

Larreako Patxi Lopez de Uralderen gazta ketuak irabazi du Ordiziako txapelketa. Orain arteko berezi eta ezohikoena. 9.200 euro ordaindu dute enkantean gazta erdiaren truke.

Pascual Lopez de Uralde, atzo, irabazlearen txapela jantzita, Ordizian. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Ordizia
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Espazioaren erabilerari eta hutsunearen balioari buruzko bere jardunean, frontoiei buruzko hausnarketa bat zeukan egina Jorge Oteiza eskultoreak. Sei zatitan banatu eta josten zituen hango espazioak eta zokoak, eta ziur jarriko zuela zazpigarren bat ere zerrendan atzo Ordiziako Beti Alai frontoian izan balitz (Gipuzkoa). Hutsuneek hartu baitzuten balioa sekulakoa, eta espazioaren erabilera egoerara moldatzeko ahaleginak tema erabatekoa. Une oro belarritik ahora maskara jiran izan zuen epaimahaiak, ohi baino jardun luzeago eta nekosoagoaren ostean, Patxi Lopez de Uralde Fernandezen izenean aurkeztutako gaztari eman zion 2020ko Ordiziako Ardi Gazta Txapelketaren lehen saria. Pascual haren aitak jaso zuen. Gaztaren aita ere badenak, alegia. «Gaztarik onena ekarri ote dudan? Nola jakingo dut, bada, onena dela, ireki baino lehen?».

Eta ireki, 43 gazta ireki zituzten atzo denera. Ateak itxita. Gazten egileak eta ingurukoak, antolakuntzakoak, gonbidatuak eta kazetariak. Beti Alai frontoiak ez zion atzo izenari omenik egin Ordizian. Euskal jaietako beste ekitaldi denak bertan behera uztea erabaki zuen udalak bere garaian, baina txapelketari eustea. Oasi txiki bat bihurtu zen frontoia. Ez burrunbarik kalean, ez txapelik eta zapirik soinean, ez azokan erositakorik aldean. Egun arrunt bat. Uztailaren hasieran izan zituztenak aintzat hartuta, arrunta ez da gutxi Ordizian.

Baina txapelketa bada txapelketa. Eta hamalau finalisten artean sartu ez zenak betikoa zuen disgustua. Estu gauzak, eta txikiak elkarren arteko aldeak, Pedro Subijana Akelarre jatetxeko sukaldari goratuak onartu zuenez: «Oso maila ona dago. Gazta handiak daude hemen. Oso txapelketa gutxitan gertatu zaigu zortziko edo bederatziko notatik behera dauden horren gazta gutxi topatzea». Eta onartu behar zaie meritua epaimahaiko hamasei kideei —27 izan ziren iaz—. Idiazabalgo gaztaren kofradeek zatituta ekartzen zieten gazta mahaira, maskarapetik eman azalpenak, eta apenas entzun zitezkeen iruzkinak. Eskuetan hartu eta gutxi maxiatu, maskara kendu justu usaintzeko eta ahoan gozo hartzeko. Berriro maskara bi belarrietara. Kendu, eta sagar zati bat. Ur trago bat hurrena. Hurrengoa berdin. Eta horrela 57 aldiz, gutxienez. «Ez da erosoa. Hori onartu behar da. Ezin duzu zuk nahi bezala ukitu eta zapaldu gazta, zuk nahi bezainbeste hurbildu... Denok ari gara berdin, baina...», zioen Subijanak maskarapetik.

Meritua epaimahaikideena, eta antolakuntza Ordiziako Udalarena. Hara eta hona Adur Ezenarro Ordiziako alkatea. «Ez da erraza izaten ari. Azoka bertan behera utzi beharra izan genuen, baina lehiaketari eustea erabaki genuen. Frontoiak aukera ematen du segurtasun neurriak betetzeko», zioen alkateak. Zailtasunen gainetik, ordea, artzainena meritua: «Gurea zaila bada, artzainena eta baserritarrena zer esanik ez. Euskal herritar guztiei egin nahi nieke deia, eta eskatu kontsumitzeko gure produktuak. Sistema immunologikoa zaindu behar dugun honetan, zer hoberik bertakoa jatea baino».

Luzatzen ari da deliberoa. Ez da ohikoa egoera, eta ohi baino handiagoa behar da pazientzia. Badatoz aurreneko bosten izenak, atzetik aurrera: Zeanuriko (Bizkaia) Ipiñaburu bosgarren, Muniaingo (Nafarroa) Zabaleta laugarren, Elgoibarko (Gipuzkoa) Mausitxa hirugarren, eta Araiako (Araba) Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga bigarren. Aurrenekoa falta, eta saria Larreara (Araba), Patxi Lopez de Uralde Fernandezentzat. Saria jasotzera, aita: Pascual. Gerora jakin denez, semearen izenean dago gaztandegia, baina aitaren eskuek ere ontzen dituzte gaztak oraindik. Patxadako gizona Pascual. «Pozarren gaude. Are gehiago aurtengoa bezalako urte batean. Guk gazta etxean saltzen dugu, zuzenean. Bi hilabetez eduki dugu itxita, eta hori daramagu galduta». Seme zaharrenak, berak eta emazteak daramate gaztandegia, eta laguntzen die seme gazteenak ere. Goratu zituen gaztaren ezaugarriak: «Ketua, eta zaporetsua». Eta ardien zaintza: «Dena naturala ematen diegu, bai belarra eta baita pentsua ere».

Enkantean, Donostiako Tecnomotoko Alberto Fernandezek eraman zuen gazta, 9.200 euroan. «Usaindu duzue», eskaini zien kazetariei. «Ezin, maskarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.