Herpetologia

Sugebizik 334 ekarpen jaso ditu

Sugebizi proiektua amaitu berri da, eta antolatzaileek ontzat jo dute egitasmoaren emaitza; izan ere, 170 bat 'sugezainen' 334 argazki lortu dituzte sare sozialetan.

Sugebizik 334 ekarpen jaso ditu.
Miren Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Aranzadi elkarteak amaitutzat eman berri du Sugebizi proiektua; hiru hilabetez abian izan da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herrian dauden 11 suge espezieetatik 10 ikusi dituzte parte hartzaileek. Hain zuzen, gehien ikusi den sugea Eskulapioren sugea izan da, eta gutxien ikusi dena, berriz, Lataste sugegorria, ez baita jaso azken horren aipurik. Proiektuaren gaineko balorazio ona egin dute sustatzaileek, egitasmoak espero ez zuten oihartzuna izan baitu sare sozialetan: 170 bat sugezainek 334 ekarpen egin dituzte guztira. Beraz, Aranzadiko kideek pozarren eman diote amaiera Sugebizi egitasmoari.

Sugeei buruzko ezagutza handitzea eta haiekiko beldurrak uxatzea: horixe zuen helburu Sugebizi egitasmoak. Twitter bidez jaso dituzte sugezainen ekarpenak. Azken horiek Twitterren jarri dituzte aurkitutako sugeei ateratako argazkiak, eta txio horietan azaldu dute non eta noiz ikusi dituzten suge horiek, ondoren herpetologoek zein espezietakoak ziren azaldu ziezaien. Hala, sugeekiko ezagutza areagotzea lortu dute. Ekimenaren sustatzaileek, beraz, balorazio ona egin dute proiektuaren inguruan, baina azpimarratzeko datua da, ordea, ikusi dituzten suge guztien %20 hilda zeudela, arrazoi desberdinak zirela medio.

Oihartzun handia sareetan

Ane Fernandez Aranzadiko herpetologoaren arabera, aurreikusitakoak baino «dezentez jende gehiagok»hartu du parte egitasmoan: «Uste baino arrakasta handiagoa izan du; hasieran zalantzan ibili ginen ea 50 bat argazki lortuko ote genituen, eta, azkenean, ikusi dugu hiru hilabetean 334 argazki lortzera iritsi garela».

Fernandezek jakinarazi duenez, proiektua ez zegoen soilik «sugeen frikientzat» zuzenduta, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi izan baitute: «Azken batean, sareen bidez zabaltzearen helburua horixe zen: sugeen frikia ez den jendearengana ere iristea». Eta baita helburua lortu ere. Aipatu duenez, herpetologia zer den ere ez zekien jendeak hartu du parte egitasmoan. Hala, espezie andanaren argazkiak hartuta, mapa bat osatu zuten suge horien kokalekuarekin.

Pertsona asko sugeen beldur dira, baina, hala eta guztiz ere, gehiengoak ez luke jakingo nondik datorkion sugeekiko ikara hori. Beraz, Sugebizi proiektuak gizartean sugeekiko dagoen beldur edota jazarpena deuseztatu eta errespetua sustatu nahi izan duela adierazi du Fernandezek: «Historiaren parte izan dira sugeak, baina beti gaiztotzat hartuak izan dira. Nahiko fama txarra duten animaliak dira, eta hori izaten da animalia horien inguruan ezjakintasun handia dagoelako». Gainera, sugeak animalia ikusgarriak izaki, jendeak haiei begira goza zezan nahi zutela adierazi du Fernandezek: «Sugeei nazka eta beldurra dien jende horri esango nioke errespetua izan behar zaiela, ez besterik». Eta, hain justu, arrazoi horregatik beragatik jarri zuten abian proiektua Aranzadiko kideek: «Iruditu zitzaigun sugeei garrantzia eman behar geniela, eta haien berezitasunean zentratu behar ginela», azaldu du Fernandezek.

«Bereziak» eta «ikusgarriak»: hala definitu ditu Fernandezek sugeak. Mota askotarikoak daudela esan du, eta gaineratu du Sugebizi proiektuak jendeari aukera eman diola mota horiek guztiak ezagutzeko. Egitasmoan gehien aurkitu den sugea Eskulapio sugea izan da; Gipuzkoan eta Bizkaian, bereziki. Lataste sugegorririk ez dute ikusi, antza, horienaipurik ez baitute jaso egitasmoak iraun bitartean.

Sugebizi egitasmoak sare sozialetan izan duen oihartzunari eta arrakastari erreparatuta, Fernandezek adierazi du ez dutela baztertzen antzeko egitasmo bat egitea aurrera begira, nahiz eta, esan duenez, «oraindik goizegi» den ezer aurreratu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.