gorka julio
EKOGRAFIAK

Wetwareaz

2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Iraileko hirugarren larunbatean Software Librearen eguna ospatzen da. Ezer gutxi daki oraindik jendeak software libreari buruz orokorrean, nahiz eta gure bizitzak goitik behera aldatzea lortu duen. Gauza gutxi dira gure jendartean sakoneko eragina izanik, ezezagutza maila hau izango dutenak.

Software libreari esker, Internet bera existitzen dela esatea batzuentzat erokeria izan daiteke, baina errealitate bat da. Hasieretan, sortzaileek erabilitako protokoloak libre jarri zituzten denon eskura, eta software gehiena ikuskatu zitekeen; orain librea dena bezalaxe.

Orain ere, Interneteko zerbitzarietan erabiltzen den softwarearen parte handiena librea da. Bai, Netflix, Google, Twitter, Tik-Tok... erabiltzen ari zarenean, erabiltzen ari zaren hori librea ez bada ere, atzean dagoen software libreko programak egiten du posible.

Zergatik, baina, ezezagutza maila hori? Lainoaren metaforak nahita ezkutatu digu sareen antzean daukaten izaera materiala. Sareak ordenagailu, kable, uhin eta horiek kudeatzen dituzten pertsonez osatuta daude, ez dira fenomeno atmosferiko bat. Software librea eta softwarea hitza berak ahalbidetzen ahal du jendearen ezezagutza? Ez dut uste.

Esango nuke software hitzak ez duela lainoaren izaera bera. Zerbait konplexua azaltzeko bide bat izan zela bere momentuan, ukigarria zena (hardwarearea) bereizteko trikimailu polita. Banaketa filosofiko zahar baten kalko bat, gorputza (hardwarea) eta arima (softwarea) litzatekeena.

Hardwarea ubikuoa bihurtzen ari zaigu, ez dugu, dago! Hardware aktiboa dagoen edozein tokitan dago softwarea. Zure gorputzean txertatutako inplanteak dira edo zure odolean zehar ibiliko diren gailu txikiak izango dira. Denek beharko dute softwarea, eta horregatik da hain garrantzitsua software librea, gure etorkizuna gure esku izatetik gertuago egoteko.

Laster softwareaz gain, wetwareaz (wet ingelesez umela) ere hitz egiten ariko gara. Wetware terminoa hardwarearen edo softwarearen konputazioarekin lotutako ideiatik lortzen da, baina bizimodu biologikoei aplikatuta. Gai horiek guztiak guretik pentsatzeko, eta ez kanpotik pentsatuak izateko, Euskal Herria digitala. Ziberburujabetzaren bidean jardunaldi interesgarria egingo da, urriaren 15ean, Oreretako Lekuona eraikinean. Aukera polita izan daiteke eztabaidatzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.