Zaletasuna bizimodu

Martxel Aizpurua Agirrek 'Erleekin solasean' liburua argitaratu du aurten. Fikzioa eta biologia uztartuz, modu berezi batean azaltzen dio irakurleari erleen bizimodua.

Erle bat lore artean. G. R./ FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Zarautz
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Biologiak eta fikzioak bat egiten dute Martxel Aizpurua (Alegia, Gipuzkoa, 1949) biologo, hiztegigile eta erlezainaren Erleekin solasean liburuan. Modu berezi eta eraginkor batean kontatzen du egileak erleen eguneroko bizimodua. Izan ere, elkarrizketa moduan dago planteatuta liburua; kazetaritzaren ikuspuntutik, alegia. Mundu hori ezagutzen ez duen kazetari batek hamabi bisita egiten ditu erlauntzera, eta, hango erleekin solas eginez, haien bizimoduaz jabetuko da. Erleekin egindako elkarrizketekin nahikoa ez, eta bi landare eta erlezaina bera ere elkarrizketatzen ditu kazetariak. Fikzioaren eta txantxazko zertzeladen bitartez, erleen bizitzaren nondik norakoak ezagutuko ditu irakurleak liburu horretan.

Duela bost urte Aizpuruak berak Argia-n argitaratutako testu batzuk izan zituen inspirazio iturri: «Testu horiei jarraipen bat eman nahi nien». Eta, horiei helduz, Erleekin solasean liburua argitaratu du aurten. Aizpuruak dioenez, irakurle ororentzat dago pentsatua liburua, eta ikastetxeetan erabiltzeko aukera ematen duela azpimarratu du: «Uste dut eskoletan ere erabilgarria dela liburua, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat; betiere irakaslearen laguntzarekin».

Erleekiko zaletasuna

Fikzio hori fikzioan soilik gera ez dadin, liburuaren ataletako batean glosario bat dator; fikzioan azaldutakoaren osagarri gisa. Bibliografia bat ere badakar, zeinean azaltzen diren Aizpuruak berak eredutzat izan dituen erleei buruzko euskarazko zenbait liburu.

Ez zaio egun batetik bestera piztu erleekiko zaletasuna Aizpuruari; izan ere, aurretik bazen bere familian mundu horrekiko hurbiltasuna: «Nire amaren partetik hiru osabek erleak zituzten, eta gure aitak ere eduki zituen erleak bere sagastian». Geroago, UZEIn lanean zebilela, lankide zuen Xabier Kintanak erle bat—erle talde bat—oparitu zion, eta, hala, erleen munduan murgiltzen hasi zen. Euskal hiztegigintza utzita, abenturazale izaki, munduari bira ematekotan egon zen 1983an, Lekeitioko (Bizkaia) gazte batzuek hartutako goleta batean: «Elkanoren bidaia egiteko plana zen, eta, biologo bat behar zutenez, izena eman nuen». Gerora huts egin zuen, ordea, ametsetako bidaia hark, eta oraindik orain ez daki zergatik:«Nik dena prest nuen; ingurukoak agurtu nituen, eta nire amaren lepokoa jantzia nuen, baina hamabost egun lehenago ezeztatu zidaten bidaia». Hala eta guztiz ere, Bermeoko (Bizkaia) arrantzale batzuekin itsasoan barna Afrikara joateko hautua egin zuen Aizpuruak, eta bidaia horretan bertan erabaki zuen erlegintzan jardun nahi zuela. Mundu horretan gorabeherak izan baditu ere, makina bat lorpen izan ditu Aizpuruak:«Eztiaren azterketa egiten hasi nintzen; bagenituen erleak, eta, hala, lehenengo sektorean aritu nintzen profesionalki erlezain». Hainbat erlategi jarri zituen geroago; 120 erle talde izatera heldu zen, eztitegi propio bat egin zuen, eta baita beste batzuei zerbitzua eman ere... Gipuzkoako Erlezain Elkartea sortu zuten gero, eta denbora eskaini zion horri ere.

Erlegintzan aditua izanik, Aizpuruak jakinarazi du erleen desagertze erritmoa handitu egin dela mundu osoan. Haren arabera, eragin handia izan du galera horretan duela gutxi Euskal Herrira iritsi den Asiako liztor beltzak: «Orain dela gutxi ere Asiako liztor beltza etorri zaigu, eta horrek ere sarraski handiak eragin ditu. Gainera, oraindik ez dugu hura kontrolatzerik lortu». Hori gutxi ez, eta aitortu du pestizida ere intsektuak desagertzearen arrazoi handienetariko bat dela: «Gaur egun, edozeinen eskura dago;, edozeinek lor dezake». Erleen galerarekin batera, zenbait baso ere desagertzen ari dira, eta, Aizpuruaren ustetan, gaur egun bizitzen ari garen pandemia desagertze horien eraginez piztu da. Beste alor hauek aipatu ditu: «Bioaniztasuna galtzen, habitat desberdinak desegiten eta oihanak galtzen ari gara, eta egungo pandemia hau horren ondorio da».

Erleak mesedegarri direnez landareek eta gizakiok bizirik irauteko, haien iraupenaren eta ongizatearen aldeko apustua egiten du Aizpuruak, eta horretarako lanean dihardu buru-belarri, gazte gaztetatik. Erleei buruzko zenbait lan egindakoa da, eta horien artean dago aurten argitaratu duen Erleekin solasean liburua: erleen bizimodua elkarrizketen bidez kontatuz irakurlearen arreta eta interesa piztea helburu duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.