Badoaz eta badatoz

Lehen egunak ditu abuztuak, eta lehen egunak herritar askoren oporraldiek ere. Doazenen eta datozenen topalekua da egunotan Donostiako autobus geltokia, birusaren mehatxupean bigarren urtez.

Donostiako gazte talde bati oporrak aldatu dizkio koronabirusak. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Astea hastearekin batera heldu da abuztua. Udako oporren hilabete kutuna askorentzat; lan sasoi gorena beste batzuentzat. Auto ilara luzeak, aireportuak lepo eta autobusen sartu-irteera etengabea izan ohi ziren hilabete honetako lehen egunen irudirik ohikoenak. Donostiako autobus geltokiak, baina, bestelako itxura bat du abuztuko lehen astelehen goizean. Pandemiak hartu du presentzia beste urte batez: jendea tantaka doa eskailera automatikoan gora eta behera.

Kantauri itsasoko mareen gisan mugitzen dira bidaiariak. Autobus bat heltzean, handik jaitsi diren lagunen olatuak geltokia hartzen du, baina betetzen den azkartasun berarekin husten da denbora gutxian. Hurrengo olatua noiz etorriko zain. Bitartean, baretasuna: han-hemenka eserita zain dauden bidaiari batzuk edo azken orduan txartela erosten dabiltzan beste batzuk. Ez da ilara luzerik ikusten.

Eserlekuan jarririk dago bikote bat, eta haiekin batera motxila handi bana. Mendirako makila eta kiroletarako arropak daramatzate soinean. Bistakoa da oporrak oinez eman dituztela. Done Jakue bidea egiten ibili dira 40 egunez, Donibane Garazitik hasi eta Santiagoraino. Joan eta itzuli, Donostia izan dute azken geldialdia etxera itzuli aurretik, Limogera (Okzitania). Christianek eta Chatrinek ezaguna dute ingurua: Donibane Garazin boluntario gisa ibilitakoa da lehena, eta maiz etortzen dira: «Hemengo bizimodua gustuko dut; Euskal Herria oso ederra da».

Hasieren eta amaieren testigu da geltokia, badatozenen eta badoazenen topaleku. Gehienak Loiuko (Bizkaia) aireportura doan autobusaren ilaran elkartzen dira. Lau laguneko talde bat dago bertan zain. Euskalduna da emakumea; Alemaniakoak ondoan dituen hiru gaztetxoak. Euskal Herriari lotuak, baina. Bi aste igaro dituzte Donostian, urtero lez. Haurtzaindegian ezagutu zuten elkar, gazteak Donostian bizi zirenean, umetan. Bertan lanean zebilen emakumea, eta, geroztik, urtero elkartzen dira Donostian. «Oso gustura» ibili direla nabarmendu du gazteetako batek. Euskal Herrian duten etxea utzi, eta Frankfurtera itzultzeko ordua heldu zaie.

Gaitzaren zama kendu gabe

Kartoizko kaxa handiak alboan daramatzatela, autobus beraren zain daude Unai eta Sonia ere. Bizikletak daude kaxa horietan gordeta. Lisboatik Santiagora pedalkadaz pedalkada igaroko dituzte datozen hamabi egunak; «iristen baldin bagara». Izan ere, Bilbotik Lisboara hegazkinez dute lehen etapa, baina azken orduko aldaketak izan dituzte. Lau ordu lehenago irtengo da hegazkina, eta lehen zuzeneko hegaldia zutena Bartzelonan geratuko da orain. Koronabirusaren eraginez ote den galdetuta, ez dute erantzunik: «Ez digute ezer ere esan». COVID-19aren ziurtagiria daramate biek, eta arazorik ez izatea dute orain buruan.

Aurtengo oporraldiak badu protagonista bereizgarri bat: koronabirusa. Erabat baldintzatu ditu herritar askoren joan-etorriak. Donostiako gazte talde baten kasua: Harora (Errioxa) doa lau laguneko taldea, astebete igarotzera, haietako baten etxera. Hasierako planak, ordea, guztiz aldatu zaizkie: sei ziren joatekoak, baina biri COVID-19ak galarazi egin die bertan izatea. Konfinaturik igaro beharko dituzte opor egunak zirenak.

Geltokia lantoki dutenek ere igarri dute gaitza uzten ari den arrastoa. Lehen solairuan dagoen kioskoan bete-betean antzeman dituzte ondorioak: «Iaz baino okerrago gaude», baieztatu du dendariak. Nazioarteko bidaiariak falta dira, eta tokikoekin soilik nabari apaldu zaie jarduera. Jendez beteta doazen autobusak ez dira askorentzat lehen aukera oraindik ere. Autoak alokatzeko sektorean ez dituzte horrenbeste igarri pandemiaren efektuak. Geltokian dagoen leihatilan aurreko urteetan bezala ari dira lanean, baina bezeroen profila aldatu egin zaie: hurbilagotik datorren jendea dabil gehienbat.

Jendetza handirik ez dabilen arren, ingelesa eta frantsesa aditzen dira autobus geltokian barna, eta bidaiari gehienak maletak edo motxilak soinean dabiltza. Oporretan doazen seinale. Bestelako itxura du alboan dagoen tren geltokiak. Lasai dago barrualdea; ez da maletadun bidaiaririk ikusten, eta sartu-atera dabiltzanak aldirietako tren zerbitzuaren erabiltzaileak dira. Hurrengo bide luzeko trena ez da ordubete barrura arte iritsiko. Aurreikuspenak ez dira hain beltzak lehiatilako langileen arabera. Galiziara eta Kataluniara doazen trenak bereziki, beteta daude, eta iaz baino bidaiari gehiago dabiltza. Salou (Herrialde Katalanak) da helmugarik kutunenetako bat, eta jende heldua nagusi bidaiarien artean. Hala ere, tren kopurua murritzagoa da pandemia aurreko udekin alderatuz.

Hasiera duenak amaiera bat ere izaten du, eta hilaren lehen egunek ez dute zapore bera guztientzat: joan, etorri edo gelditu, hemen da abuztua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.