Hiru herri larrutxak baturik

Usurbil eta Zizurkil herrien arteko muga zehazten duen dokumentu argitaragabe bat aurkeztu dute. 1389an Orreagak eta Zizurkilek izandako gatazkari dagokion epai bat da.

Hiru lagun, 1389an Orreagako ospitaleak eta Zizurkilgo komunitateak sinatutako akordioa biltzen duen pergaminoaren bi puskak batzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Orreaga
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Zerk batzen ditu Orreaga (Nafarroa), Zizurkil eta Usurbil (Gipuzkoa)? 1389. urteko pergamino edo larrutx batek bai, behinik behin. Atzo, Orreagako kolegiataren areto nagusian hiru puskako pergaminoa osorik ikusteko aukera izan zen, hura idatzi eta 632 urtera. Orreagako ospitaleak eta Zizurkilgo komunitateak sinatutako dokumentua da: Andatza eremuko mugak zehazten ditu. Heren bat Zizurkilgo udaletxean zegoen gorderik; beste bi herenak, berriz, Orreagako artxiboan. Aranzadi zientzia elkartearen ikerketa baten bidez egin dute topo bi puskekin, eta berriro ere elkartu. Eta paper puskekin batera batu dira hiru herri: Orreaga, Usurbil eta Zizurkil.

Lurren jabetzak sortu zuen gatazka Zizurkilen eta Orreagaren artean. 1388an, Andatza mendia dohaintzan eman zion Martin Gonzalbiz Atxegako jaunak (Usurbil) Orreagako Santa Maria monasterioari. Zizurkilgo komunitateak bere lurrak aldarrikatu zituen, eta epaiketara jo zuten. Garai horretan, arbitroek hartzen zuten gatazkak konpontzeko ardura, eta, akordioa sinatuta, bi aldeek onartzen zuten. Horrela izan zen kasu honetan ere: dokumentu horretan zehazten da mugarriak non paratu behar ziren.

Aurkikuntza Aranzadi elkarteko kideek egin dute. Asier Agirresarobek, Yoseba Alonsok eta Javi Castrok topo egin zuten Orreagako pergamino puskarekin, Usurbilgo mugarriak eta Andatzako errotarri harrobiak ikertzen ari zirela. Alonso ohartu zen dokumentu hori ezagun zuela, Zizurkilen ikusi zuela falta zuen puska. Rosa Aierbe Erdi Aroan aditua den ikertzaileak testua transkribatu zuen, eta, teknologiari esker, pergamino osoa digitalizatuta elkartu zuten.

Mugen batasuna

«Dokumentu zahar historiko batek batu gaitu», esan zuen Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak. Usurbil herriarentzat ere egun «berezia» izan zen atzokoa, Agurtzane Solabarrieta hango alkateak esan zuenez: «Historiak eta ikerketak ahalbidetu du bi zatiak batzea, eta dokumentua batzearekin batera hiru herri batu gaitu». Zizurkildarren historia hobe ezagutzeko baliagarria izan da dokumentua Urruzolaren arabera: «1389ra jo beharko genuke Zizurkilgo gaur egungo mugak nolakoak ziren jakiteko. Liskar juridiko horren sententzian finkatu ziren gaur egun ezagutzen ditugun mugak. Liskar izan zena, elkartasun adierazgarria da gaur». Dokumentuan dio muga bere tokira eramanen dutela, eta, hain zuzen ere, hori da gaur egunera arte mantendu dena.

Aranzadikoek 24 harrobi eta 132 errotarri aurkitu dituzte lan horretan, eta mugarriak ere ikertu dituzte. Usurbilek eta Zizurkilek 2,5 kilometro inguruko muga partekatzen dute, eta hamar mugarri daude tarte horretan. Horietatik lau Orreagakoak ziren, baina orain hiru ikusten dira bakarrik, eta horietako bat aurkitu dute Aranzadikoek.

Bi herrien artean dauden mugarrietako batzuk 1600. urtea baino lehen ezarri zituzten. Hori baieztatu dezakete Orreagako hiru mugarriekin. Izan ere, mugarri horiek makulu bat dute zizelkaturik, eta irudi hori eskuinean edo ezkerrean dagoen begiratuz, 1600. urtearen aurrekoak edo ondorengoak diren jakin daiteke. Horri erreparatuta egin du baieztapen hau Alonsok: «Usurbilen eta Zizurkilen dauden mugak oso zaharrak dira. Gipuzkoako mugarik zaharrenak direla uste dugu».

Andatza eta Orreaga ez daude fisikoki gertu, baina, hala ere, kolegiata zen hango lurren jabe. Solabarrietak kontatu du Andatzak «altxor ugari» dituela, eta baliabide asko eskaini dizkiela usurbildarrei mendez mende. «Ez da kasualitatea duela zazpi mende baino gehiago Orreaga horretaz ohartu izana, eta Andatzara etorri izana, mendia ustiatzera». Basoen ustiapena eta transhumantzia izan ziren hara joateko arrazoi nagusiak. Alonsok kontatu du Orreagak ganadu asko zuela, eta Aralarko negu gorritik eskapu egin, eta kostaldera gerturatzea hobetsi zuela.

Bi puskatan zatiturik

Ohikoa da garai horretako itunen dokumentuak banaturik egotea. Rosa Aierbe Erdi Aroko adituak kontatu du gaur egungo justizia moldea ezarri aurretik bestela jokatzen zutela. Gatazka bat zegoenean akordioa lortzen saiatzen ziren: auziaren bi aldeek arbitro bana aukeratzen zuten, eta adostasunik ez bazuten lortzen, beste bat sartzen zen erdian.

Dokumentu hauek zatitu egiten ziren askotan, eta bakoitzak puska bat gordetzen zuen. Aise ikus daiteke Orreagan eta Zizurkilen aurkitutako puskak benetakoak direla: alboetan marrazki batzuk ageri dira, eta bi puskak elkartuta, marrazkia osatzen dute. Orreagan bertatik bertara ikusi zituzten bi puskak baturik. Teknologiari esker, baturik eutsiko diote artxibo digitalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.