Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Lehenkeria

2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Irailaren azken egunetan inor gutxi dago telebistari begira. Are gutxiago, telebistari buruz esaten direnak arretaz jarraitzen. Begi-belarriak Donostiako Zinemaldian dituzte pantailetako edukien zaleek. Kursaaleko zubian aurrera eta atzera dabiltza akreditazioa kolkoan. Eta pantaila txikiagoei pega-pega eginda bizi direnek jaialdiaren gorabeherak jarraitzeko bide mordoa dute. #2DEOtikZinemaldira traola arakatu besterik ez dago. Tiktoken, Instagramen, Twitchen. Momentu egokia da hau aitorpenak egiteko.

Noan, harira. Bada eduki bat, azken asteotan lehen aldiz ikusi dudana, eta ez didana ahosabaian zapore eztirik utzi. Edo edergarririk gabe esanda: ez zaidana gustatu. Bizpahiru egun eman ditut zalantzan, arre edo so ezin hautatuta. Ekarriko dut lerro hauetara eta —errespetuz, beti errespetuz— egur pixka bat eman? Edo jango ditut nire hitz ozpinduak inoren lana ez oztopatzeko? Bestela ere bide zaila dute euskarazko ikus-entzunezkoek herri honetan. Baina ez al du galtzen sinesgarritasuna (hala moduzko) kritikariak laudorioa ez den hori isilpean gordez gero?

Korapilo horretatik askatzeko aitzakiaren bila heldu naiz zutabe honi izenburua ematen dion kontzeptura. Lehenkeria. Telebista tradizionala ikusten ez dugunok saio berriak baloratzeko dugun modua ondo ordezkatzen du. Bada denbora nik eta inguruko beste askok joera berdina errepikatzen dugula: zerbait berria ateratzen denean, sarean ikusten dugu saio horren lehenengo atala, eta nahikoa zaigu bertan ikusitakoa ondorio behin betikoak ateratzeko. Hau niretzako modukoa da edo ez da. Hau ondo dago edo dena-delakoa falta zaio. Eta hamarretik bederatzitan hor bukatzen da saioarekin dugun lotura. Ez dugu beste atalik ikusiko, gai jakin batek edo lagun baten agerpenak hala eskatzen ez badigu.

Zalantzagarria da ohitura. Telebistan lan egin duenak badaki lehen saio batek nekez jasotzen duela egileen asmoaren osotasuna. Beti daudela azken orduko presek baldintzatuta akats edo okerrak. Ezin dela saio baten argazki zintzoa egin lehenengo atalari begiratuta soilik. Horregatik, aitorpenari segika, nire penitentzia. Hiruzpalau atal ikusita egingo dut onberegia izan gabe saio horren balorazioa. Eta aurrerantzean ere, lehen inpresioari ihes egitea izango dut lehentasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.