Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Non daude tb-ko desagertuak?

2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Atzoko Ekografiak zutabean gai biziki interesgarria ekarri zuen Lander Arretxea zutabekideak. Gure telebistako desagertuak, hain zuzen ere. Gutxienez bi urte dira euskarazko fikziozko telesailik gabe bizi garela. Partikularki deigarria da egoera hori; izan ere —zutabe honetan hainbatetan aipatu dugun bezala—, ikus-entzunezkoen kontsumoak gorako bidea hartu du azken urteetan. 2005ean, produkzio gaitasunik indartsuena duten Europako bost herrialdetan —Erresuma Batua, Italia, Alemania, Espainia eta Frantzia—, pertsona bakoitzak ia 220 minutu igaro zituen telebistakoproduktuak ikusten, sarean naiz gailu tradizionalean. Hamar urte geroago, 2015ean, 250 minututik gora jarri da zenbateko hori.

Europako ikus-entzunezkoen merkatuari dagokionez, 2011-2016 bitartean, behera egin du nabarmen bideo fisikoen eta digitalen urteko hazkundeak (%6,3). Bitartean, gora egin du harpidetza zerbitzuena (%4,3), telebista edukiak barne. Zerbitzu horien ikus-entzunezko eskaintzan, aldiz, zinema eta telebista fikzio edukiek oraindik osatzen dute zerrendako bigarren postua (23%). Beraz, ulergarria da pentsatzea telesailik gabeko edozein telebista kate noraezean dabilela. Areago, funtzio publikoa duen telebistaren kasuan, komunitateari ukatzen dion zerbitzuaz galdegin daiteke.

Bannan telesailaren ekoizle Sarah Janek uste du fikzioa telebistaren elementu garrantzitsua dela. Eskoziar gaelikoz Eskozian, 60.000 hiztun inguru dituen hizkuntza- errodatzen den bigarren telesaila da, eta berriki eskuratu dute lau urteko kontratua BBC Alba katearekin. Gaur-gaurkoz, sekulako berria izango litzateke edozein euskal produkzio etxek maila bereko hitzarmenik lortuko balu ETBrekin; baita poztekoa eta ospatzekoa ere. Pentsatu nahi dut halakorik gertatuko balitz Hego Euskal Herriko hainbat egunkariren titularrak beteko lituzkeela. Aipatu nion Janeri bi urte daramagula euskarazko fikziozko telesailik gabe gure telebistan; aldiz, 2005etik fikziozko bi film luze ekoizten ditugula urtean batez bestez —gehi dokumentalak, animazioa eta film laburrak—. «Zuek behintzat filmak ekoizten dituzue, guk ez; eta hara, agian, hor egon litezke zuen telebistako desagertuak», adierazi zuen. Astebururako galdera potoloa, lagunok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.