Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Esklabotza modernoa

2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Hogei kafe katilu eta zigarro gutxi batzuk. Horiek besterik ez zituen izaten Marishek eguna pasatzeko. Lan egiten zuen etxeko familiak ematen zizkion, haien zerbitzura egotearen truke. Garbitu, plantxatu, janaria prestatu... Apenas zuen jatekorik eta edatekorik; familiak utzitako soberakinekin elikatzen zen. Marisheri lo egiteko lekua ere ematen zioten: egongelako sofa mehe bat. Hamar urte pasatu zituen esklabo bihurtuta.

A Woman Captured (2017) dokumentaleko istorio gogorra da hori. Duela gutxi benetan gertatutakoa. 52 urteko emakumezko bat Hungariako familia batean harrapatuta dago. Ikasketarik gabe, etxe horretatik kanpo aukera profesional gutxi dituela uste du. Bernadett Tuza-Ritter zinemagileak aurkitu zuen istorioa, unibertsitaterako film labur bat egiten ari zela. Marishen egunerokoa grabatu zuen bi egunez. Nola da posible, ordea, egoera hori normaltasunez filmatu izana? Nork nahiko luke etxean duen esklaboa erakutsi?

Familiako amak dirua eskatu zion zinemagileari irudien truke. Horrez gain, baldintza bat ere jarri zion: etxeko inor ez filmatzea irudietan; soilik haien ahotsa grabatu zezakeen. Ama behin elkarrizketatu dute dokumentalean, eta Marish egoera horretan izatea gauza normaltzat du. Haiei esker, bizi baldintza hobea duela argudiatuz. Alegia, alabarengandik, senideengandik eta lagunengandik urrun, eta inolako ondasunik gabe? Bestela esanda, duintasuna lapurtuta —Marishen benetako izena Edith da—.

Zinemagilearen laguntzaz, istorioak amaiera zoriontsua du. Halere, esklabotza modernoko istorio guztiek ez dute amaiera bera izaten. Areago, uste baino kasu gehiago daude munduan; 2016an, 40 milioi lagun zenbatu ziren egoera horretan; horien %71, emakumezkoak. Arazorik handiena hutsune juridikoa da; mota horretako esklaboak aitortzen dituzten legeen falta, hain zuzen ere. Horregatik, biktimek ez dute beren egoera salatzen. Maiz, esklaboak diren kontzientziarik ere ez dutelako. Erasotzaileekin gauza bera gertatzen da: kontzientzia falta. Nork du arazoaren ardura? Adituek diotenez, alde batetik, eskaerak; hori dagoen bitartean, ez baita arazoa konponduko. Beste alde batetik, hezkuntza sistemak; garrantzitsua da belaunaldi gazteak arlo horretan heztea. Aldaketarako lehen pausoa kontzientzia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.