Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

'Roma'

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Multi-diziplinarra izan beste aukerarik ez dagoen garaian gaude. Nahikoa da telebistara begiratzea; Naroa Agirre pertiga jauzilaria luzaroan aritu zen aktore Goenkale-n; Aitor Zubieta pilotaria telebistara jauzi egin duten kirolarien zerrenda luzera batu zaigu; dozenaka abeslarik egin du gauza bera; idazleren batek ere bai; eta badira beste dozena bat diziplinatan —idazle, zuzendari, abeslari...— fin aritzen diren bertsolariak, besteak beste. Kanpoan, berdin; ez da adibiderik falta: Michael Jordan beisbolean; edo Ronald Reagan aktorea bera, pentsa, Amerikako Estatu Batuetako presidente. Zenbaitek bekaizkeriaz-edo intrusismoa deitzen dion hori fenomeno ezin arruntagoa da. Ohituta behar genuke. Baina oraindik, tarteka, urduritzen du bat edo beste.

Gertatu da, beste maila batean bada ere, aurtengo Oscar sarietan. Netflix plataformak, telesailak egin eta zabaltzeko logika iraultzearekin nahikoa ez, eta zinemaren sari nagusietan muturra sartu nahi izan du. Baita lortu ere. Oscar sari bat irabazi duen plataforma digital batek ekoitzitako lehen filma bilakatu da Roma. Alfonso Cuaron mexikarrak zuzendutako lanak zuzendari onenaren, argazki zuzendaritza onenaren eta atzerriko film onenaren sariak irabazi ditu. Denera, hiru estatua preziatu.

Film onenaren sarirako hautagai nagusia ere bazen, baina igandeko sari emanaldiraino egin duen bidea ez da erraza izan. Hollywoodeko Akademiak ez zuen argi sareko plataforma batean estreinatutako filma Oscar sarietan hautagai izan zitekeenik. Izan da, azkenean, baina tira-bira eta negoziazio luzearen ondoren. Eztabaida mordoa piztu eta zinemaren industriaren kontraesanak utzi ditu agerian: aretoetan erakusten denean soilik da zine? Badu, gaur egun, telebista/zinema/sarea banaketak zentzurik?

Netflixeko arduradunek, harro, filmen banaketari egin dioten ekarpen berritzailea aldarrikatu dute; eta filma ikusi duenik bada, bat etorriko da ziur asko: filmak merezi ditu, —beste hautagaiek adina, gutxienez— jaso dituen hiru sari horiek. Baina nik, Netflixen hileroko kuota ordaintzen dudan honek, ez dut ordenagailuan ikusi. Areto batean ikusi dut propio, auzoko kultur etxe batean antolatu duten saioa aprobetxatuz. Netflixen egonda ere, Roma zinema da; eta zineman gozatzen da gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.