Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Pasta gaur ere

2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Neketsua da aldiro originala eta argitsua izateko lana hartu beharra; hasiera bakoitzean mundua berrasmatzeko ahalegin ezinezkoari heltzea. Eskerrak kopiatzeko aukera badugun: beste batzuen lana ez bada, guk geuk lehenago egindakoa. Hitz politagoekin esanda: esperientziak eta ikerketak salbatzen gaitu paper zuriaren beldurretik. Funtzionatzen duen zerbait aurkituz gero, zergatik ez eraman hori bera beste mila eremutara ere?

Pisukide italiarrari otorduekin gertatzen zaio. Estereotipoak—behingoagatik— baieztatuz, pastarekin nahastuta jaten du dena. Garbantzuak, lekak, atuna, piperrak, espinakak, sagarra, dilistak, kalabaza... Berdin du zer. ETBk ere aspaldi aurkitu zuen bere pasta partikularra; den-denerako balio duen formatu itxuraz akasgabea: aurkezle aurrez ere ezaguna hautatu, herriz herri eraman eta hango eta hemengo istorio eta pertsona(ia) ilustreekin gurutzatzea. Elkarrizketa eta egoera ahal bezain naturalak eraikitzen saiatzen dira, gainera, lortu edo ez,gidoi lana ahal beste disimulatuta.

Azken urtean martxan izan direnen artean soilik begiratuz gero,—ETB2ko saioak kontatu gabe—, bost dira gutxienez ezaugarri horiek dituzten saioak: Herri Txiki Infernu Handi (Gurrutxaga eta Pagadik aurkeztua), Gure doinuak (Onintza Enbeitak), Errepide galduak(Ander Izagirrek), Bostekoa (Aitor Zubietak) eta Euskalonski (Pello Reparazek). Itxura guztien arabera, seigarren bat batuko zaie gaur: Joseba Argiñanok aurkeztuko duen Sukaldaria. Musika, txirrindularitza, historia, nazioartea, herri-kirolak, euskara...Denerako balio du.

Ez da harritzekoa. Pastarekin bezala, berdin gertatzen daETBren formatu fetitxearekin ere:merkea da, azkar egiten da, edozerekin ematen du ondo, eta oraindik ez da jaio emaitza jangarria irudituko ez zaion inor. Baina pastazaleetan pastazaleena izanagatik —nahiago dut espageti platerkada oparoa itsaski garestienez osatutako otarra baino—,errepikatzearen errepikatzeaz nekatu egiten da bat. Dietistek ez gehiegi jatea gomendatzen dute, eta, saltsa eta osagaiak aldatuta bada ere, egunero tokatzen bada, susmagarria da apur bat. Ez ote du sukaldariaren ideia, gaitasun eta ausardia falta estaltzen? Beste zenbat jaki eta plater ari gara galtzen, gaur ere pasta atsegin hau jaten dugun bitartean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.