Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Yanisi galdetu

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Question Time (galderen tartea) BBC One kateko eztabaida saioa da. Ordu bateko iraupena du, lantzen duten arlo nagusia politika da, eta oso arrakastatsua da Erresuma Batuan. Baita Eskozian ere. BBC Radio4eko Any question? (galderarik?) irratsaioan oinarrituta, telebista programaren lehen emankizuna 1979an egin zuten. Egun, ostegunetan ematen dute, 22:30ean. Formatua erakargarria da. Mahai ingurua edo platoa herriz herri eramaten dute, eta, normalean, politikari ezagunak gonbidatzen dituzte iritziak emateko —ia beti, gobernuko eta oposizioko ordezkari politiko bana—. Horiez gain, kazetari eta idazle ezagunak izaten dira. Galderak, ordea, herritarrenak dira. Besteak beste, adinaren, sexuaren, boto asmoaren, ogibidearen... arabera, saioak aurrez aukeratutako pertsonak izaten dira mahai inguruaren aurrealdean. Bakoitzak bi galdera egingo dituela suposatzen da.

Azkenaldian, brexit-a bilakatu da saio ororen fokua. Kontuan hartuta Erresuma Batuak bizi duen egoera politiko korapilatsua, ez da harritzekoa. Baina horrek badu arrisku bat: bestelako gizarte edo politika arazoak alde batera uztea, hain zuzen ere. Bestalde, esango nuke telebistako tertulia edota eztabaida politikoek nekez eskaintzen dutela ezer berririk jada. Aurpegi berdinak, keinu antzekoak eta iritzi errepikakorrak ikus-entzutera ohituta gaude. Areago, Question Time saioan ez bezala, kaleko jendeak gutxitan egiten dizkie politikariei galdera zuzenak telebistako platoan. Horrek esan nahi du benetako galderentzat aukera gutxiago dagoela. Eta gertatzen denean, irudipena daukat hauteskunde garaiko saio laburrak izaten direla. Hau da, zintzotasun gutxikoak gonbidatuen aldetik.

Pasa den osteguneko BBC Oneko saiora, Greziako Yanis Varufakis ekonomialari eta politikari ohia gonbidatu zuten. Haren jatorrizko herrialdean asko maite ez duten arren, indartsuak eta beharrezkoak iruditu zitzaizkidan haren hitzak. Konplexurik gabe aritu zen. Zein den bere iritzia brexit-ari buruz? «Gerran garaitua izan ondoren nazio batek sinatzen duen akordioa da hau», esan zuen Varufakisek, herritar baten galderari erantzunez. Horrelako pertsonak entzun ondotik, buruzagi politikoen diskurtsoak etortzen zaizkizu berehala. Konparaziorik ez. Galdetu Yanisi, garbi erantzungo dizu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.