Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Teknopolis'

2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Irudia berrituta ekin zion 22. denboraldiari Teknopolis saioak, irailaren 28an. Ordutik, bost atal ekoiztu dituzte euskaraz zein gazteleraz, ETB1en (larunbata, 13:30) eta ETB2n (igandean, 13:30) emateko. Zientziaren eta teknologiaren gaineko edukiei eutsi diete; besteak beste, garagardoaren mundua eta biharko garraiobideak izan dituzte hizpide atal berrietan. Denboraldi honen helburu berritzailetako bat da emakumezko ikerlarien eta zientzialarien ikusgarritasun bultzatzea. Oraingoz, baina, gizonezko gehiegi ikusi ditut Nahieran zerbitzuan ikusgarri dauden ataletan.

Iñaki Leturia da Teknopolis-en aurkezlea eta zuzendarietako bat. Beti irribarretsu egoten da, eta euskara maila jasoan eta zainduan hitz egiten du. Agian izen-abizenez ez da hain ezaguna, baina haren aurpegia aski familiarra da ETBko jarraitzaileentzat; izan ere, Bertatik Bertara-ko garaitik dabil bertan lanean; bederatzi urtez ibili zen saio horretan, hain zuzen. Produkzioa, aldiz, EITBren eta Elhuyar-en artekoa da. Euskal telebistak jartzen ditu programaren ordutegia, emisioa eta kamera.

Etorkizunean nola teleportatuko garen jakiteko saioa izan zen azken-aurrekoa. Tecnalia euskal enpresa bisitatu zuten horretarako; haiek egindako aerotaxiaren gaineko xehetasunak jasotzeko, zehazki. Ustekabe atsegina izan zen bertan lanean dabilen Joseba Lasa oñatiarra azalpen nagusiak ematen ikustea —aspaldian ikusi ez dudan laguna da—. Kontatu zuenez, 2006an antzeman zuten propultsioen elektrifikazioan sektore eta merkatu berri bat irekitzen ari zirela. «Aeronautika berria» deitzen diote horri. Logistika eta mantentze lanetarako droneei, alegia. Orduan, abentura berri batean murgildu ziren. Bi urteko lanaren ondotik, berriz, lehen prototipoa etorri zen: airez ibiliko den taxia.

Diotenez, 2020ko hamarkadan posible izango da taxi bat airean ikustea munduko bost hiritan, tartean Los Angeles (AEB), Dubai (Arabiar Emirerri Batuak) eta Dallas (AEB). Tecnaliaren helburua da Bilbon haien taxia martxan ikustea etorkizunean. Ea Teknopolis-ek horren berri emateko aukera duen orduan; izan ere, iruditzen zait saioaren balio erantsietako bat dela, euskaraz, zientziari eta teknologiari lotutako hiztegi berria sortzeko gaitasuna. Hain zuzen, hizkuntza gutxituak indartzeko elementu garrantzitsua..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.