Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Meritu bikoitza

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Bila ibili naiz baina ezin aurkitu. Hitzetik hortzera ETB1eko saioak ez dauka orrialde propiorik Wikipedian; Nahieran atarian, berriz, 2009tik aurrerako saioak daude baina aurrekoak falta dira. Azkenean, Bertsozale Elkartearen webgunean sartuta jakin dut zenbat urte dituen zehazki saioak: «EITBren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen artean osatutako telebista-programa da Hitzetik hortzera. 1989-1990 bitartean egin zuen lehen denboraldia eta, etenen bat izan badu ere, gaur arte izan du jarraipena». Hogeita hamaikagarren denboraldian omen dago!

Azken urteetan egonkortua sumatzen dut saioa, bere lekua eginda eta horretan laketua, ez berrikuntzarik gabe eta bertan goxo eginda, baina bai errotua eta ziurtatua.

Izan zuen, alabaina, bestelako garairik, gorabehera eta tira-bira handiagokorik, zaratatsuagorik, batez ere hasieran, Bertsozale Elkartearen eta ETBren ikuspegiek bat egiten ez zutenean.

Kontu jakina da bertsolariak eta bertsozaleak eredugarriak izan direla, beren arteko lankidetzaren eta konplizitatearen bidez, euskal kulturaren esparruan hain kutuna den alor hau, bertsolaritzarena, apalkeriarik zein harrokeriarik gabe, kudeatzen, eta zeregin horretan elementu garrantzitsua izan da, hasierako urteetatik, Hitzetik hortzera.

Gazte asko eta askotarikoak bereganatu zituen bertsoaren munduak 1990eko hamarkadaren hasierako boom haren garaian, eta arrakasta horrek berekin ekar zitzakeen arriskuei eta kalteei aurre egiten eta harresia jartzen jakin zuten, pitzadurarik gabeko elkartasunez, bertsolariek eta bertsozaleek. Isilagoa bai baina akaso ez da errazagoa izan gero egin dutena, hau da, behin beren lekua hartuta —ez naiz telebistako saioaz bakarrik ari— horri bizirik, indartsu eta emankor eustea. Aspaldi ikasitako lezioa da: errazago da, adibide bat jartzearren, gaztetxe bat okupatzea gaztetxe okupatu bat itxuraz eta ganoraz kudeatzea eta baliatzea baino.

Orduko epika gorabeheratsuan zein egungo epika lauan ondo bete du bere zeregina, urteak joan eta urteak etorri, Hitzetik hortzera-k, eta halaxe jarraituko duela dirudi puska batean. Meritu handiko saioa izan zen, leherketa zaratatsuaren garaian, eta ez da meritu makalagokoa garai isilagootan. Meritu bikoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.