Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Itzul dadila fikzio itzulia

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bi albiste garrantzitsu eman ditu azken asteotan ikus-entzunezkoen katalanezko itzulpengintzak. Batetik, zinema aretoetan estreinatutako film luzeak katalanez azpidaztera eta bikoiztera bideratutako aurrekontua handitu du Kataluniako Generalitateak: 1,7 milioi eurotik, 2,7 milioi eurora. Bestetik, Disney Plus plataformak bi film jarri ditu, lehen aldiz, katalanezko audioarekin: Frozen 2 eta Espies disfressats; eta gehiago iritsiko omen dira.

Euskaraz, aitzitik, gero eta bakanagoa da ikus-entzunezko fikzio itzulia ikusteko aukera. Azpidatziei dagokienez, meritu handiko ekimenpribatuak daude, baina politika publiko ganorazkorik ez. Bikoizketari dagokienez, ezagunak dira Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen kezkak eta kexak. Inoiz ez da izan urrezko arorik arlo horretan, baina bai garai hoberik.

Euskarara itzulitako fikzio literarioan hobea da panorama, aukerei dagokienez; ez zabalkundeari dagokionez. Liburu asko eta onak itzultzen dira, aukera aberatsa dago, oihartzun eta itzal handieneko idazleek ere behin eta berriz esaten dute itzulpengintza sekulako ekarpena egiten ari zaiola euskal prosari eta jatorriz euskaraz sortutako literaturari... Baina itzulitako liburuen oihartzuna urria da, salmentak eskasak.

Elkar ukitzen ez duten bi mundu paralelo dira gurean itzulitako ikus-entzunezko fikzioa eta itzulitako fikzio literarioa. Egia da ikus-entzunezko fikzioan hizkuntza ez dela literaturan bezain zentrala, baina elementu garrantzitsua da. Ez al lieke mesede egingo euskaraz lan egiten duten zinemagileei euskarara itzulitako fikzioa normaltasunez ikus-entzuteak, azpidatzita edo bikoiztuta? Eta haien ikus-entzuleoi?

Soziolinguistikaren ikuspegitik begiratuta, euskaraz bikoiztutako fikzioa normaltasunez ikus-entzuteak ez al luke lagunduko euskara batuari «kolorea» falta zaiolako irudipena indargabetzen? Ez al litzateke hori tarteko eskailera maila irisgarriagoa izango euskarara itzulitako literaturari, zailegi iritzita, muzin egiten dioten irakurle askorentzat?

Garestia izango litzatekeela? Hala izango da, baina hogeitaka lagun ikurrina eskuan eta ahoa erdarazko madarikazio beltz eginda zakurraren ipurdian dauden lurrak «konkistatzera» bidaltzea merkea al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.