Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Dilema baten bila

2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Alemaniako ARD telebista partzuergoak «telebista esperimentu» gisa aurkeztu du Nils Willbrandt-en Feinde (2021), elkarren osagarri diren bi filmek osatutako fikziozko ikus-entzunezkoa: Feinde. Gegen die Zeit eta Feinde. Das Gestaendnis (Filminen ikusgai, Enemigos. El comisario eta Enemigos. El abogado izenburuarekin hurrenez hurren). Bi filmek istorio bera kontatzen dute —eta eszena batzuk berdinak dira batean zein bestean, batzuetan kameraren ikuspuntua aldatuz eta beste batzuetan ezta hori ere—, baina bakoitzak ikuspuntu batetik egiten du kontaketa, ikusleari dilema moral bat planteatzeko asmoz.

Bi filmak aldi berean emanzzituen ARDk —bakoitza kanal batean, ikusleen esku utzirik biikuspegietatik zein aukeratulehenik—, Rashomon efektua deritzona lortu nahirik, hau da, gertaera zehatz batzuen interpretazio desberdinak eskaini, agerian uzteko ez dagoela egia bakar eta erabatekorik. Akira Kurosawaren Rashomon filma (1950) jotzen da aitzindaritzat efektu horren bilaketan.

Ferdinand Von Schirach idazlearen narrazio bat da Feinde-ren oinarria; krimenen inguruko epaiketen kontaketan espezializatutako idazlea da, eta haren bi liburu daude euskaraz —Collini auzia eta Krimenak—, biak Anton Garikanok itzuliak. Kasu honetan, bahiketa baten eta hari buruzko epaiketaren istorioa kontatuz, torturari buruzko dilema morala planteatzen zaio ikusleari: justifikatuta egon al daiteke inoiz tortura, izan al daiteke, egoera batzuetan, etikoa edo bidezkoa? Peter Nadler poliziaren (Bjarne Maedel) eta Konrad Biegler (Klaus Maria Brandauer) abokatuaren ikuspuntuak ez datoz bat.

Bi pelikulak ikusi ondoren, ordea, zuzendaria bi ikuspuntuetako batetik bestetik baino gertuago dagoelako susmoa geratzen zaio ikusleari, nahiz eta beste ikuspuntuaren oinarrian dauden argudioei ere oihartzuna eman, eta ikuspuntu hori dutenekin ulerbera agertu. Horregatik, bi filmak ikusteko aukeratutako ordena edozein izanik ere, bigarren filma interes gutxiagoz ikusten da, bereziki azken atala, epaiketari dagokiona. Film bakarrarekin nahikoa izango zen; edo, bestela, bi ikuspuntuak film bakarrean nahastea, eszenen errepikapenak aurreztuta. Esperimentutik gutxi duen esperimentua da, finean, Feinde, «ohiko» film gisa gustura ikusten bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.