Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Barne-bertigo existentziala

2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Donald Trumpen hainbat jarraitzaileren atzetik abiatu zen, kamera eskuan eta proiektua buruan, Daniel Lombroso, 2016ko azaroan, Trumpek AEBetako lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi berri zituela, Trumpen aldezle haiek eta haien ingurukoak gertuagotik ezagutzeko eta, haien bidez,AEBetan eta munduko beste hainbat lekutan gero eta indar handiagoa hartzen ari den supremazismo zuria aztertu eta, ahal den neurrian, ulertzen saiatzeko asmoz. Horretan lau urte eman ondoren, iaz estreinatu zuen White Noise (El nuevo supremacismo blanco izenburuarekin estreinatu berria Movistar Plusen).

Lauren Southern influencer gaztea da Lombrosok filmean aurkezten eta ezagutarazten duen supremazistetako bat, Italiara bidaiatutakoa errefuxiatuen etorrera saihesten ahalegintzeko; beste bat, Richard Spencer, eskuin muturreko ekintzailea, mitin batean «Hail, Trump!» oihu egin zuelako ospetsu egindakoa; Mike Cernovich kazetari ultraeskuindar eta anti-feminista da protagonista nagusietako beste bat... Nor baino nor... nola esan...? supremazistago! Horixe bide da erabil daitekeen hitzik finena, gaztelaniazko bertsioaren izenbururako hautatu dutena.

Gure artean honelako supremazismoak eta, oro har, faxismotik gertu dauden ideiek eta ideologiek ez dute oraingoz prediku handirik, ez behintzat modu publiko eta irekian, baina ez gaude erabat salbu horietatik, eta hala balitz ere arreta eman beharko genieke munduan gertatzen ari diren eite horretako mugimenduei, kezkagarriak baitira. Horregatik da, besteak beste, interesgarria dokumental fin hau.

Baina baita beste motibo batengatik ere. Ustez eta teorian ideologikoki gure antipodetan dauden pertsonak ezagutzeak badu interes berezi bat, morbotik ere baduena baina morbo soiletik harago doana, gizakiaren errealitate antropologiko konplexua eta egokitu zaigun garai historikoa hobeto ulertzen ere laguntzen baitu ezagutza horrek. Ez da kasualitatea hainbeste film egin izana nazismoari buruz. Aldi berean hain urrun eta hain gertu sentitzen ditugu film horietako naziak, Lombrosoren filmeko supremazistak bezala, non, amildegi etiko batek erakarrita, barne-bertigo existentzial batek hartzen gaituen, esanez bezala: «Pertsonak dira, neu ere horrelakoa ere izan nintekeen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.