Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Euskalteka eta mugarriak

2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hirurehun orduko eskaintzarekin jarri da abian Euskaltelen Euskalteka plataforma. ETB1, ETB3 eta Eitb.eus-eko saio nagusiak aurkituko ditu gordailu horretan erabiltzaileak—Euskalteleko bezeroak— Euskaltel bidezko telebistako Replayteka atalera jota: Go!azen, Herri txiki, infernu handi, Barre librea, Baserria, Ihesaldia, Hondar ahoak, Alardea, Altsasu, haurrentzako programak, musika saioak... Eta aurrerago beste kanal eta ekoiztetxe batzuen lanak ere eskuragai jarriko ditu Euskaltelek Euskaltekan. Denak euskaraz.

Albiste pozgarria da euskarazko ikus-entzunezkoei beste bizialdi bat eta aukera berriak emateko saioa baita azken batean, eta pentsatzekoa da, eskaintza zabaltzeko asmoa duenez, Nahieran-en erreplika moduko bat baino gehiago izatera ere iritsiko dela laster Euskalteka.

Hala ere, ezin da ahaztu eskaintza hau, EITBren eta Euskaltelen «lankidetza estrategikoaren» emaitza izan arren, Euskaltelen bezeroentzat baino ez dela, eta hori muga handia da, arlo horretan gaur dagoen lehia eta aldakortasuna kontuan hartuta. Ez al litzateke egokiagoa izango euskarazko ikus-entzunezkoei bultzada eta presentzia ematera bideratutako honelako ekimen bat erakunde publikoek bultzatua eta, batez ere, herritar guztiei eskainia izatea?

Begien bistakoa da digitalitatearen mundu konplexuan hizkuntza indartsuak areago indartzen eta ahulak areago ahultzen ari direla, hori dela berezko joera naturala, eta oso zaila zaiela eremu urriko hizkuntzei hizkuntza boteretsuenekin lehiatzea. Lehia horretan, eskertzeko urratsa da Euskalteka, baina, kontuan hartuta ez duela ezer berririk sortuko eta arestian aipatutako mugak dauzkala, joan den astean plataforma aurkezterakoan erabili ziren hitzen arrandia edozein euskaltzale bihozgabetzeko modukoa izan zen. Euskalteka «Euskadiko kultur panoraman mugarri» dela esan zuen Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak. Aurkezpenak propaganda bihurtzen ikusten ohituta gaude, baina hori esatea gehiegitxo esatea izango da, ezta? Edo ez. Akaso zuzen dabil, eta horixe da okerrena, hala balitz, ez bailitzateke oso seinale ona.

Ahaleginik txikienaren beharrean da euskara, eta ahalegin txikiena ere eskertzekoa da. Baina egindako ekarpenaren eragina puztu gabe eta benetako egoera zein den ahaztu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.