Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ikusteko baino entzuteko nahiago

2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Altxatu 100 kiloko harri-zilindroa hamar aldiz, ekin lasterka Ibarra herritik (Gipuzkoa) gora, Hernio (1.078 metro), Uzturre (730 metro) eta Erroizpe (804 metro) mendietara igo, 43 kilometro osatuta itzuli Ibarrako plazara, eta han 10 kanaerdiko ebaki aizkoraz, dena 6 ordu, 5 minutu eta 52 segundoan. Horixe Xabier Orbegozo Arria V.ak igandean utzitako marka.

Desafio horrekin herri kirolak deitu ohi diren horiek —bada hitz hori erabiltzearen kontra dagoenik eta ulertzekoak dira arrazoiak— hedabideetan hizpide izan dira egun batzuetan, eta erakustaldiaren biharamunean, mangazioa gorputzeko atal guztietara zabaldua zuela aitortu arren, baita azkazaletara ere, zintzo eta tente agertu zen Arria V.a ETB1eko Biba zuek! saioko platora, Maddalen Arzallus eta Xabier Sukiaren galderei erantzuteko pronto.

Kirol gehienen kasuan, nahiago izaten dut kirolariak lehian ikusi tertulian edo elkarrizketan beren lanari buruz hizketan entzun baino. Herri kirol deritzegun horien kasuan, aitzitik, protagonistak hizketan entzuteak askoz gehiago astintzen eta atsegintzen dit barrena haiek aizkoran, karga jasotzen, lasterka, segan edo dena delako eginkizun nekagarrian ikusteak baino. Herenegun telebistan egindako elkarrizketan ere ez zuen huts egin Orbegozok, ezta harekin batera hitz egin zuten gainerako gonbidatuek, horien artean aita zuela, Jose Inazio Orbegozo Arria II.a.

Hiztegietan jaso gabeko hitzik edo gramatiketan jaso gabeko esamolderik gabe, esaldi biribilik gabe, espantu linguistikorik gabe, esaldi soilen bidez esan zuten esan beharrekoa. Dena zuzen esan gabe ere —«eske...» bat ere itzuri zen!—, nahikoa izan zuten hitzen loturei zegokien berezko doinuari jarraituz mintzatzea entzulearen belarrietara gozo-gozo sartzeko, ibilaldi luze baten ondoren nekatu eta egarritutako mendizalearen zintzurrera sagardoa sartu ohi den moduan.

Esajeratu egin dut beharbada eta, hori baino okerrago, azken lerroetan liriko jartzen hasi naiz, justu laudatu berri ditudanen eredutik urrunduta. Baina nola edo hala esan behar nuen gustura ikusi eta entzun nuela herenegungo elkarrizketa, poza ematen didala hizketa modu hori ez dela zeharo galdu baieztatzeak, eta, neure ezinaren morroi, ez zait modu hoberik bururatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.