Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Udazkenaren hasiera

2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Udara amaitu da eta agur esan nahi diot tarte honetatik. Eguzki orduak gutxitu egin dira eta telebistan estreinaldi berriak ere hasi dira. Aste honetan, ETB1en esaterako lehiaketak iritsi dira Zurekin bat saioarekin. Udara ahaztu baino lehenago, eta betiko errutinan sartu aurretik, 2021eko udarako telesaila gogoratu nahi dut. Bai, asmatu duzu, HBOko White Lotus telesailaz ari naiz.

Mike Whiten telesailak pantailaren aurrean geratzea eragin digu eta HBOri baietz esan diogu hurrengo kapitulua ikusi nahi genuen galdetzen zigunean. Hawaiira bidaiatu dugu eta bertan aloha esan ostean bi munduen arteko talkan gustura egon gara. Telesail honetan hoteleko bezeroen eta langileen klase desberdintasuna agerikoa da. Bezeroen arazoak langileen arazo bihurtzen dira eta langileen behar eta ametsak deuseztatu egiten dira. Bezero batzuk gorrotatu egin ditugu edo agian ia denak. Langileen aldean jarri gara, baina ezin izan dugu ezer ere egin. Bong Joon Ho zuzendari korearraren Parasite filma gogorarazten digu une batzuetan, baina gatazkak eta arazoak ez dira modu hain dramatikoan amaitzen. Telesail honen arazoa agian hori izan daiteke, hasten den bezala amaitzen dela. Klase altuko bezero horiek beren arazoekin jarraitzen dute, baina aurrera egiten dute beraien bizitzan. Klase baxukoek, aldiz, ez dute hain zorte ona edukiko.

Sei kapituluko lan honek argi uzten du klase altuko pertsonen dramak ikustea gustatzen zaigula. Beraiek ere sufritzen ikusi nahi ditugu eta horrekin gure egunerokoaz ahaztu. Telesail berrien bila jarraituko dugu udazkenean. HBOk Donostiako Zinemaldian aurkeztu ditu zenbait, Venga Juan esaterako; bertan Juan Carrascoren gorabehera berriak ikusiko dira. Klase altuko familia baten arazoak gure zain daude urriaren 18tik aurrera Succession telesailean. White Lotus ikusterakoan ere telesail honetan pentsatu dut, eta uste dut bere arrakastaren gakoa hori izan dela, Roy familiaren zain egon garela udara honetan.

Urtaroari agur esaten ari gara, hondartza alde batera utziko dugu eta sofa eta mantaren azpian gordeko gara negua joan arte. Bitartean, dena berdin egongo da, arazoak arazo, goikoak goian eta behekoak behean, White Lotus-en eta Succession-en bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.