Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Sumendiaren atzean

2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
La Palma uharteko Cumbre Vieja sumendiaren erupzioak irudi bitxiak ekarri dizkigu telebistara. Italiako Etna sumendiaz gogoratu naiz aste honetan, horrelakoak noizean behin gertatzen direlako bertan. Kanaria uharteetako sumendiak ez dira piztuak egoten eta albisteak ezustean hartu ditu kazetari eta telebista kate guztiak.

Harrigarria da zenbat kazetari bidali dituzten La Palmako uhartera; denek sumenditik gertuen egon nahi dute eta beraien segurtasuna arriskatzen ari dira. Antena 3 kateko Susana Grisok, esaterako, ustekabeko dezente izan ditu bere konexioetan. Sare sozialak memez bete dira eta TheSimpsons telesaileko kapitulu batekin alderatu dute. Telecinco katean, aldiz, Lydia Lozano bidali dute Sálvame saiorako zuzeneko konexioak egin ditzan. Kazetari madrildarraren ekintzak kritika zorrotzak jaso ditu sare sozialetan. Jendearen zoritxarra bilatzen ari zen La Palma uharteko herritarren artean, eta bertakoek jarrera hori salatu dute. Sálvame-ko zuzeneko batean Poliziak arreta deitu behar izan zion, suhiltzaileengana gerturatzen ari zelako.

Sentsazionalismo hutsa ikusi dugu egunotan pantaila txikian. La Sexta kateko Gloria Serra kazetariak ere Equipo de Investigación saioko programa berezia egin du. La Palmara joateko zegoen azken hegazkin komertziala hartu ostean, bertako herritarren beldurra sentitu duela esan du bere saioaren hasieran. Informazioa lortu baino gehiago, beldurra eta bertako herritarren miseriak jasotzen saiatzen ari dira saio horiek denak.

Denek egon nahi dute albistetik gertu, baina albiste honetaz laster ahaztuko dira. Janari lasterra izango balitz bezala, albiste azkarrak ematen dizkigute horrelako saioek. Albisteak azkar prestatu, sentsazionalismoaren osagai dezente sartuz, eta ikusleak pizza bat izango balitz bezala jaten du albistea. Gaur egun berdin da zertaz ari garen, denak dira eta adituak. COVID-19aren inguruan, Afganistanen egoeraren inguruan edota sumendien inguruan hitz egiteko pertsona berak aukeratzen dituzte Espejo Público bezalako saioetan. Kazetaritza espezializatua bazterretan geratzen da berriro, eta mass medietan ikusten diren saioetan sentsazionalismoa da errege. Telebista piztuko dugu berriro eta ondo aukeratu beharko dugu nondik nahi dugun gure informazioa jaso. Batzuetan, hobe da itzaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.