Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Errua kendu

2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Gaur errua kentzera nator. Agian Cristina Lizarragaren QuĂ­tame la culpa fanzinearen podcastak zerikusia du. Bertan, errudun sentitzearen inguruan hitz egiten da, eta Alejandra Culomalarekin batera, emakumeek dugun errudun sentsazioa kentzen laguntzen dute. Telesailen munduan, askotan, guilty pleasure edota plazer erruduna erabiltzen dugu lotsa ematen diguten telesailak ikusten ditugunean. Lotsa hori ez da telesaila ez dugulako gustuko, baizik eta iritzi publikoak telesail hori kategoria baxuagokoa dela erabaki duelako. Aurreiritzien munduan bizi garenez, askotan telesail batzuk ezkutuan ikusten ditugu, eta gure lagunei ez diegu esaten telesail hori ikusten ari garela. Telesail mota horiek plazera ematen digute, baina errudun sentitzen gara ikusten ari garela esaten badugu. Esan dudan bezala, errua kentzera nator, eta nire plazer horiek konfesatuko ditut libreki.

Azken asteetan, New Amsterdam (Netflix eta Amazon Prime)telesaila ikusten hasi naiz. New Yorkeko ospitale publiko baten gorabeherak erakusten dizkigun telesaila da, eta aitortu behar dut engantxatu naizela. Nire bikotekidearekin ikusten ditut telesail asko, baina hau bakarrik ikusten dut, hari pertsonaia protagonista bat ez zaiolako gustatu. Ni, aldiz, mediku onkologoaren pertsonaiaz maitemindu naiz, eta hori da telesaila ikusteko arrazoietako bat.

Beste konfesioen artean, The Bold Type (Netflix) telesaila dago. Hau ere New Yorken kokatua dago, eta bertan hiru emakume lagun aurkituko ditugu. Hirurek modako aldizkari batean lan egiten dute, eta haien laguntasuna da telesailaren ardatza. Feminismoaz eta LGTBIQ+ komunitateak dituen arazoez hitz egiten da. Sex and the City-ren kutsua du, baina gaur egungo gaiak hobeto jorratzen ditu.

Ajea dudanean telesail errazak ikustea gustatzen zait. Kasu horretarako Valeria (Netflix) telesaila aparta iruditzen zait. Bere bigarren denboraldia atera zenean, aje zail bat izatea itxaro nuen, eta oso gustura ikusi nuen pasta plater bat jaten nuen bitartean.

Azken konfesioa emakumeak protagonista diren beste telesail baten inguruan da. Jane the Virgin (Netflix) ikusten nuela esateak lotsa ematen zidan askotan, baina kritiko batzuen artean esan nuenean, denok ados zeuden nirekin, eta esan zidaten ikusten zutela. Beraz, ken dezagun errua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.