Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Jostorratza

2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Aurreko astean Landerrek konfesioen tartea ireki zuen, eta konfesio bat egiteko gogoa sortu zait niri ere. Guilty pleasure delakoaren ondorioz gustatzen zaizkigun gauza asko ez ditugu kontatzen, besteek horren inguruko iritzi negatiboa eduki dezaketelako. Horren aurka askotan egin dut, eta nire gustukoak diren telesailak eta saioak zeintzuk diren agerian uzten ari naiz zutabea idazten hasi nintzenetik. Gaurkoan, Maestros de la costura saioa (La1) gustuko dudala aitortu nahi dizuet. Alejandro Gomez Palomo, Lorenzo Caprile eta Maria Escote diseinatzaileek Raquel Sanchez Silva aurkezlearekin bat egiten duten saioa aurreko asteartean itzuli zen, eta ikusteko irrikan nengoen.

Beste aitorpen bat egin behar dut saioaren inguruan idatzi baino lehen: hariarekin eta jostorratzarekin oso gaizki moldatzen naiz. Jantzi bat apurtu edo konpondu behar banuen, amari eskatzen nion, baina, Madrilen bizi naizenetik, auzoko denda batean utzi behar ditut arropak. Jostorratzarekin gaizki moldatzen banaiz ere, asko gustatzen zait lehiakideek egiten dituzten probak, eta agian horregatik liluratzen nau hainbeste saio horrek.

Saioa ikusteko, atzerrian bizi diren bi lagunekin Whatsapp talde bat dut eta bertan saioaren nondik norakoak aipatzen ditugu astero. Taldea itzalita egon da aurreko ediziotik, baina aurreko astean izena aldatu genion, eta berriro ere su eman diegu gure telefonoei saioa ikusi genuen bitartean eta hurrengo egunetan.

Edizio berrian zerbait bitxia gertatu da. Lehiakideen erdiak aurreko edizioetako lehiakideak dira, eta horrek asko harritu gaitu hiru lagunoi. Ez dakigu zenbat pertsona aurkeztu ziren bosgarren edizioko hautaprobara, baina oso arraroa egiten zait casting horretatik sei lehiakide aukeratu izana eta beste seiak aurretik egondakoak izatea. Agian ni bezala, jostorratzarekin jaio ez diren pertsona asko gaude, eta, horregatik, castingean balio duten pertsona gutxi aurkitu dituzte. Bestalde, saio hori Masterchef bezalakoa da: esfortzuaren kultura aldarrikatzen dute biek. Jostorratzarekin onak direnek agian ni bezalako pertsonei arropa konpontzeko dendak irekiko dituzte, eta esfortzua fokuetatik kanpo egin nahi dute. Aukeraketa hori eginagatik ere, saioa ikusteko irrikan egongo naiz gaur gauean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.