EKOGRAFIAK

Amesgaiztotik ihes

Amaia Garcia.
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Aipatuko dudan dokumentalak testigantza gogorrak jasotzen ditu, eta uste dut sexu abusuak sufritu dituzten pertsonek gaizki pasa dezaketela Evan Rachel Wooden lekukotza entzuten. Horregatik, ez naiz xehetasunetan zentratuko. Phoenix Rising (HBO Max) dokumentalean, aktore estatubatuarrak bere bizitzako pasarterik beltzena azaltzen digu, Brian Warnerrekin eduki zuen erlazioa. Agian, izen horrekin ez duzue ezagutuko, baina Brian Warner Marilyn Manson dela esaten badizuet, ezaguna egingo zaizue.

Wood 2007. urtetik 2011. urtera egon zen Warnerrekin, eta urte horietan guztietan eraso fisiko eta psikologiko asko jasan zituen. Dokumentalean oso ondo azaltzen du Woodek bere sexualitatea pantailaren aurrean sortu zela, zehazki Thirteen filma egin ostean, Hollywoodek bere irudia sexualizatu zuenean. Harreman sexu afektibo on bat zer zen ez zekien Woodek, eta, Warnerrekin hasi zenean, harekin egiten zituen praktika sexual bortitz batzuk arrunt gisa hartu zituen. Haren egoera okertzen joan zen harremanak aurrera egiten zuen heinean. Woodek ez zekien nola atera indarkeriaz beteriko harreman hartatik.

Bere bizitzako amesgaizto okerrenetik ihes egin zuen Warnerrengandik aldendu zenean, baina jasandako guztia bere barnean geratu zen. Sufritutakoa kontatzeko prozesu askotatik pasatu da, eta laguntza psikologikoa behar izan du. Beldur handia izan du bizi izandakoa kontatu baino lehenago. Biolentzia hori salatzera joan zenean, delituak preskribatu egin zuela esan zioten. Horrek aktibismora bultzatu zuen, eta legea aldatzeko mugimendu batean sartu zen. Kaliforniako legeak hiru urteko epea ematen du sexu eraso bat salatzeko; aldiz, ikerketa askoren arabera, sexu eraso bat salatzeko, biktima askok denbora behar dute bizi izandakoa ulertzeko eta salatzeko indarra izateko. Denbora hori zazpi eta hamar urteko tartea izan daiteke; horregatik, Woodek eta beste emakume batzuek Phoenix legea aurrera eman nahi dute, tarte hori hamar urtera luzatzeko.

Woodek bere amesgaiztoa kontatu behar izan du dokumentalean aurrera egiteko, baina badaki batzuek ez dutela sinetsiko. Warnerrek Wood salatu du difamazioagatik. Beraz, Wooden amesgaiztoa, zoritxarrez, ez da amaitu. Baina oraingoan ez dago bakarrik, berarekin gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.