Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Boterea

2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Boterearen atzean dauden azpijoko eta estrategiak erakusten dituzten telesailen jarraitzailea naiz. West Wing eta House of Cards telesailak biziki jarraitu ditut urteetan zehar. Telesail horietan gizonak daude boterean, baina azkenean Claire Underwood boterean ikusi genuen House of Cards telesailean. Boterea lortzeko estrategia asko egon daitezke, baina oso ohikoa da zure kontrakoaren trapu zaharrak ateratzea bestearen irudia okertu dadin.

Estrategia horren aurka askotan ikusi dugu Birgitte Nyborgen pertsonaia Borgen telesailean. Zorionez, telesail hori kapitulu berriekin telebistara itzuli da, Netflixi esker. Nyborg kargu berri batekin ikusi dugu: lehen ministro izaten ikusi ostean, atzerriko ministro gisa ikusiko dugu.Bere karguak gatazka klimatiko eta geopolitiko batean murgilduko du. Gatazka horri aurre egiteko, estrategia aldatuko du, eta, boterean mantentzeko, ahal duen guztia egingo du, nahiz eta bere alderdikideei eta bere familiari kalte egin.

Eskrupulurik gabeko politikari bat bihurtu dela dirudi batzuetan, eta horrek bere alderdikideen konfiantza galtzea ekarri dio. Nyborgek bere semearekin gatazka publiko bat izango du,eta bere egoera ere kolokan jarri da. Lehen ministro izan zenean, bere familia zaintzeko denborarik ez zuen. Denboraldi honetan, umeak hazi egin dira, eta bere senarrarengandik banandua dago; beraz, ez du inor zaindu behar. Haren iritziz, gobernuan egoteko, hobeto datorkio zaintza lanik ez egitea.

Ez da kasualitatea Intimidad telesailean Malen Zubiriren pertsonaiak antzekoa bizi izatea. Udaletxean lanean hasi zenetik bere etxeko ardura alde batera utzi duela agerian geratzen da, eta bere senarrarekin eta alabarekin gatazka izan du horregatik. Zaintzen gaia gutxitan jorratzen da gizonak boterean daudenean.

Emakume gutxi ikusten ditugu boterean, bai fikzioan eta bai errealitatean. Horregatik, fikzioan ez dugu berdintasuna ikusten. Borgen telesailean berdintasuna erakusten saiatzen dira, baina Intimidad telesailean oso agerian uzten da ez dela berdin emakume ala gizon bat izatea politikan lan egiteko. Fikzioak desberdintasun horiek erakusteko balio behar du oraindik, nahiz eta ez legokeen gaizki gizon boteretsuen familian gertatzen diren gatazkak noizbait ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.