gorka julio
IRLEN SAREA

Espektakularizazio burbuila

2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Proiektatzen dugunaz gain, ezkutatzen duguna ere bagara, nahiz eta Interneteko sare sozialen bidez irudi alaiena proiektatzen saiatzen garen. Batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago, baina Guy Deborden espektakuluaren gizartearen bertsio anplifikatuan bizi garela ezin du inork zalantzan jarri. Hori salatzeko, Dries Depoorter artista belgikarrak proiektu berri bat gauzatu du: The Follower (https://driesdepoorter.be/thefollower/). Kaleko segurtasun kameren irudiak eta Instagrameko influencer ezberdinen irudiak gurutzatzen ditu eta irudi horien atzeko iragazkirik gabeko benetako egoera edo testuingurua erakusten du.

Mundu osoko hirien zuzeneko streaming-a eskaintzen du EarthCam webguneak. Dublinen eta AEBetako bi hiritan kamera filmazioak grabatu zituen Depoorterrek asteetan. Gero, Instagramen leku horietatik gertu ateratako eta 100.000 jarraitzaile baino gehiago zituzten erabiltzaileen argazkiekin gurutzatu zituen. Adimen artifiziala eta aurpegia ezagutzeko teknologia baliatuz, programatxo bat sortu zuen ondoren bideoak eskaneatzeko eta argazki horiek atera ziren unea aurkitzeko.

Baliabide gutxi batzurekin, artista horren arte piezak argi uzten du gure gizartean zelatatzeak hartu duen dimentsioa. Hala ere, pribatutasunaren kezka edo zelatatzeari kritika baino gehiago, gure bizitzen espektakularizazioan jartzen du arreta. Sareetan bistaratzen dugun horren eta errealitate osoaren arteko aldea argi utziz. Ez da arte pieza bat behar hori nabarmentzeko, baina pieza horrek erakusten du, espektakularizazio burbuila horren tamaina.

Ondorio asko ditu espektakularizazio burbuilen sorrera horrek. Errealitatearen desitxuratzea, depresioa besteek bizitzen dutena eta zurea alderatzearen ondorioz, arazo psikologikoak erakusten diren kanonekin bat ez egiteagatik, presioa, antsietatea...

Batzuetan sinplifikatu nahi dugu eta erakusten ez den hori erreala ez dela esan, baina dituen ondorioak errealak dira oso. Era batera edo bestera, parte hartzen dugun guztiok, horren parte gara. Zuzenean parte hartzea erabakita ere, zure ondoan Instragramerako edo Tik Tokerako posatuko duen jendea izango duzu.

Fenomeno horren aurrean bake apur bat lortzeko edo ezinegonean sakontzeko ezer esan badaiteke, hil berri den Jean-Luc Godarden esaldi hauxe gogoratu: «Alaitasunak ez du istorio onik sortzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.