Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Famatuak inozokerietan

2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Donostian, bederen, udako denboraldia ez da amaitzen irailaren azken egunetara arte. Alferrik da, urria baino lehen, gimnasioan, irakurle taldean edo dena-delakoan izen ematea. Estropadak lehenengo, Porrontxo Jaiak ondoren, eta Zinemaldia azkenik. Horra hor bizitza garbi edo antolatuago bati ekiteko desira baino nabarmen indartsuagoak diren hiru etsai. Edo konplize, nondik begiratzen den. Kontua da Egia auzoko jaietan izan garen bitartean telebistari mintzo zaion grafitia izan dugula zelatan. Hala dio: «ETB, utzi jende inozoa famatu egiteari». Gehiago edo gutxiago, denok ulertzen dugu zertaz ari den. Reality-ak zabaltzearekin areagotu da lehenago ere bazegoen tendentzia: telebistek, eta ez ETBk soilik, deigarria eta xelebrea den jendea bilatzen dute. Jokoa emango duena. Ez duena gehiegi pentsatuko ez neurtuko, hitz egin baino lehen.

Esaldia iraulita, telebistan berriagoa den beste joera baten traza hartzen du grafitiak. Famatuak inozoarena egiten. Aurrez kirolean, kulturgintzan edo politikan nabarmendu direnak edozein zereginetan jartzean datza. Espainiako telebistan, Supervivientes edo Gran Hermano Deluxe gisakoetan du jatorria; baina ustekabean, dokierki zabaldu da: sukaldera (Masterchef Celebrity), dantzara (Mira quién baila) edo kantura (Mask Sing). Baita ETBra ere. Bagoaz saioak bazerabilen formula hori, eta gabon kanten emankizunak perla gogoangarriak uzten dizkigu urtero.

Baina joera muturrekoenak telebista klasikotik kanpo daude. Ibai streamerrak antolatutako La Velada del Año, kasu: dozenaka mila lagunek jarraitu zuten David Bustamante musikaria eta Mr. Jagger umoregilea boxeoan jarri zituen zuzeneko emankizuna. Beste adibide bat: espainiar estatuko kirol hedabideen arteko futbol liga egiten da, eta zuzenean eskaintzen dituzte partidak, arrakasta handiz. Kirol kazetari ezagunak futbolean dorpeki jokatuz ikusita gozatzen duen jendea badago, antza.

Gauzak horrela, eta etorkizunak zer ekar dezakeen asmatzeko, absurdoraino jotzea da eraginkorrena: zer ote dator hurrena? Ikusiko ditugu politikariak Bertso Txapelketetan? Edo Euskal Herriko sukaldari laudatuenak musean? Entzungo ditugu Xabier Euzkitze edo Unai Algarabel euskal txirrindularien pala txapelketa Twitch bidez kontatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.