Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

'Pasapalabra'

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
A-z hasten da: saio baten formatua baimenik gabe kopiatzeagatik epaitu duten komunikazio enpresa. Atresmedia. B-rekin: prozesu judiziala bideratu duen auzitegia. Bartzelonakoa. C darama: salaketa ezarri duen enpresa. Herbehereetakoa. MC&F. D-z hasita: epaia behin betikoa denean, saioari ezar diezaioketen betekizuna. (Emititzeko) debekua. E darama: prozesua motel dezakeen neurri judiziala. Helegitea. F-rekin: saio horretan laguntzaile diren pertsonak batzen dituena. (Sasi)famatutasuna. E-z hasten da: saioaren emisio eremua. Espainiako Estatua... L-rekin hasita: saioari dagokion telebista generoa. Lehiaketa... O du lehen hizkia: gatazka eragin duen proba. Opila (edo gurpila)...P-rekin: saioaren izenburua. Pasapalabra. Barkaidazue jolas aldrebesa. Baina pentsatu dut, haiek formatua lapurtu badezakete, ez naizela ni gutxiago izango. Kontua baita, Tele5k lehenik eta Atresmediak ondoren, Herbehereetako enpresa batek asmatutako jolasa kopiatuz bete dutela euren programazioa. Eta baita poltsikoak ere. Aitzakia ematen du telebistaren salmenta merkatuari begiratzeko. Ikusten ditugun saioen zati handi batek baitu, jatorrian, eskubideak erosita kopiatu den beste saio bat, munduko txokoren batean. Kasu honetan, ingelesezkoa omen da jatorrizko saioa: The Alphabet Game. Eta hori da Tele5k lehenago eta Atresmediak gero erosi zutena. Baina hark ez du azken proba hori, alfabeto borobilarena, bere baitan biltzen. Berritasun hori gehitzeko eskubideak Italiako Passaparola-k ditu soilik, eskubideen jabe den MC&F enpresaren arabera.

Baina justiziak bere zuloak ere baditu. Eta oraingoz, Bartzelonako Auzitegiaren ebazpenak ez du ondoriorik izango. Helegitea jar dezake Atresmediak, eta prozesu hori guztia luzatzen den bitartean ez dute emisioa —Espainiako telebistan bizitza luzeena duen saioen artean dago— eten beharrik izango. Diotenez, hainbat urtez luza daiteke hori. Konparazioak deigarriak dira: pandemiaren kudeaketarekiko iritzi kritikoak biltzen dituen 180 grados zabaldu eta 16 ordura kendu dute Netflixetik, handi-mandiren bat urduritu ostean. Beste alderaketa bat: Atresmediak zazpi telebista kate ditu. Bertan hitz egiten dute egunero zientoka kazetarik eta hitzontzik. Bada, ez dute, ez han ez hemen, epaiaz ezer aipatu. Pasapalabra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.