Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Ajea

2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Antsietatea, droga kontsumoa, festa eta larrua jotzea. Lau gai horiek jorratzen dira Autodefensa telesailean. Gaiak ez dira berriak, baina batzuei ez zaie gustatu gai horiek nork jorratzen dituen. Bi emakume gazte dira protagonistak, eta aurpegi ezagun bat ikusiko duzue Rigoberta Bandiniren jarraitzaileak bazarete. Belen Barenys Rigoberta Bandinirekin abesten ikusi dugu eta bere lehengusina da. Barenysek eta Berta Prietok telesail berri hori aurkeztu dute azken asteetan zenbait zinemalditan, eta gaur estreinatuko da Filminen.

Z belaunaldiaren kezkak lehen lerrora ekartzen ditu telesailak, eta autofikzioa erabiltzen du guregana iristeko. Festa baten ondorengo ajea pasatzen duten bitartean, beren kezkak azalduko dituzte protagonistek, eta erabaki arraroak ere hartuko dituzte. Kapitulu motzak dira eta bakoitzean formatua desberdina da. Horrek kritikak eragin ditu, eta Belen Barenysek horri buruz idatzi zuen bere Instagram kontuan, aurreko astean: «Jendea oraindik asaldatu egiten da baimena eskatzen ez duten bi emakume ikusteagatik. Geure buruaren defentsan dibertitzen jarraituko dugu».

Fikzioan denetik ikusi dugu, baina bi emakumek zenbait gai jorratzen badituzte, traba dira. Urteak daramatzagu gizonezkoen «sexua, drogak eta rock-and-rolla» ikusten, baina orain emakumeek sexuaz, drogez, ajeaz, sentimenduez eta festaz hitz egiten badute, begi txarrez ikusten dira. Horri aurre egiteko horrelako fikzio gehiago sortu behar dira.

Telesaila, dibertigarria izateaz gain, guztiz barneratzen da pertsonaien psikologian. Beren eguneroko zalantzak eta ardurak helarazten dituzte, eta horren bitartez nolakoak diren azaleratzen da. Horrek Feroz sarietarako bi izendapen lortzea ekarri die, telesailen arloan: komedia onenaren saria eta gidoi onenaren saria lortzeko aukera dute.

Autodefentsa lantzea zaila da, baina emakume horiekin aurrera egiteko aukerak daude. Antsietateari eskainitako kapitulua oso beharrezkoa iruditu zait. Gazte askok antsietatea pairatzen dute, eta sufritzen ez dutenek gutxitan ulertzen dute zer bizitzen den. Modu hain errazean ikusteak enpatia sortu dezake ikuslearengan. Telesailari esker, beren buruaren defentsan dibertitzea lortu dute bi aktoreek, eta ikusleak ere dibertitzeko aukera aparta du gaurtik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.