Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Eskerrak txikiak garen

2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Txikia da Euskal Herria. Are txikiagoa euskal hiztunen komunitatea. Eta apur bat murritzagoa, oraindik, euskarazko edukiak jarraitutasunez ikus-entzuten ditugunon multzoa. Nekez gaindituko du 150.000 lagunen langa. Mugatzen ditu horrek, eduki digitalon garaiotan, makina bat kontu. Nabarmenena, hizkuntza potoloenetan —kolonizatzaileetan ere esan daiteke— gero eta ohikoagoa dena, ezinezkoa dela gurean: sarean edukiak zabaltze hutsagatik bizibidea ateratzea dela markek ordaindutako publizitateari esker, dela ikusle kopuruagatik plataformek ematen dutenaren bidez. Baina kontu zaharrak dira horiek, lerro hauetan makina bat aldiz errepikatutakoak. Begirada pixka bat harago zuzendu nahi nuke: horrek hedabideetan eta ekoiztetxeetan edo bestela esanda, komunikazio enpresetan izan duen eraginera. Edo izan ez duenera.

Asko urduritu dituzte nazioarteko hedabideak Twitch edo Youtube erabiliz milioika lagun bildu eta agenda mediatikoa baldintzatu duten komunikatzaile gazteek. Telebista tradizionalarekin parez pare lehiatzen direlako, batetik. Eta bestetik, gero eta marka gehiagok influentzer delakoetara bideratzen dutelako euren publizitate inbertsioa, hedabide tradizionaletara doan poltsa murriztuz. Horrek behartu ditu hedabide eta ekoiztetxe tradizionalak neurriak hartzera. Dela sarean nabarmendu diren pertsona horiei lanpostu onak eskaini eta kontratatuz; dela haien enpresen egiteko moduak gaurkotuz, joera berriagoetara hurbiltzeko. Gurean, ordea, ez da izan halakorik. Sarean euren agerpena egin dutenek baina ez dute hedabideekin parez pare aritzeko autonomia ez baliabiderik, eta ez dira publizitatean lehiakide. Ez dituzte, hortaz, komunikazio enpresak eurei lana eman edo gaurkotzera 'behartu.'

Hartzaile talde txikia gara, eta horrek, bere mugak bezala, baditu abantailak ere. Globalizazioak dena berdindu eta pobretzen duen honetan, aldaketa bizkor eta zoroetatik at geratzeak ez du zertan txarra izan. Komunikazio eremuan iraultzarik eduki ez izate hori nola ulertu behar den, zalantzan nago oraindik: kaosetik salbatu eta sendoago egiten ote gaituen, edo orain 40 urte sortutako enpresa eta egiteko moduei lotuta mantentzen gaituen, sosak eta boterea birbanatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.