Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Itsas bidaia

2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Telesail interesgarrien bilaketan jarraitzen dut. Inspirazioa edonon aurki dezakegu, eta bilaketa horretan aitaren laguntza eduki dut. Hari gustatzen zaizkion telesailek gutxitan egiten dute bat nik ikusten dudanarekin, baina oraingoan aukera bat eman diot bere gomendioari. Operación Marea Negra (Prime Video) telesailaz ari naiz. Urte hasieran ETB2ko La Noche de... saioan lehen denboraldia eskaini zuten, eta horri esker aitak telesaila ikusi zuen.

Otsailaren 10ean bigarren denboraldia estreinatu dute Prime Videon. Bi denboraldiak oso desberdinak dira, baina istorio berean oinarritzen dira. 2019. urtean Kolonbiatik Galiziara hiru mila kilo kokaina eraman zituzten urpeko batean. Bidaia arriskutsu hori nola prestatzen den erakusten digu lehen denboraldiak. Bidaia horrek antagonista zuzenak zituen: Portugalgo eta Espainiako poliziak. Beraien lana nola egin zuten ikusten dugu lehen denboraldian. Horrez gain, pertsonaiak itsas abentura batean sartzen dira. Arriskua ontziaren kanpoan eta barruan zegoen. Bigarren denboraldian, aldiz, bidaia horrek ekarritako ondorioak erakusten dizkigu. Kasu horretan, arriskua itsasotik at aurkitzen dugu. Kartzela, ihes egiteko nahia eta mendekua dira bigarren denboraldiko osagarri nagusiak. Horrez gain, epaiketak eta poliziaren lana protagonisten aurka dago une oro.

Lehen eta bigarren denboraldien artean desberdintasun asko daude, baina agian gehien nabarmentzen dena pertsonaia protagonistaren aktorearen aldaketa da. Lehen denboraldian Alex Gonzalez aktorea da pertsonaia horren barruan sartzen dena. Bigarren denboraldian, Élite bezalako telesailetan ikusi dugun Jorge Lopez aktoreak hartu du pertsonaia protagonistaren erreleboa. Aldaketak bortitza badirudi ere, telesailaren bi zatiak bereizteko oso baliagarria izan da.

Telesail horren ekoizpenean RTP kate portugaldar publikoa eta TVG Galiziako telebista publikoa egon dira. Horrez gain, ETBk parte hartze txikia eduki du ekoizpenean. Agian horregatik, telesailean portugesa, galiziera eta gaztelera oso modu naturalean uztartzen dira. Kasu honetan, Prime Videok tokiko telebista publikoen laguntza eduki du. Uztarketa horrek, plataformen eta telebisten arteko erlazioa sendotzeaz gain, tokiko errealitatea hobeto erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.