Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Berriketa

2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Esan zein esaldi azpimarratu dituzun irakurri duzun azken liburuan, eta esango dizut nor zaren. Zein kezka dituzun, zein krisi existentzialetan zauden harrapatuta, zein eneagrama zenbaki dagokizun. Nik azkena azpimarratu dudan esaldi luzeak halako zerbait dio: «Ni zakarra eta desatsegina banintz eta hitz egingo banu azentu amorragarriarekin, horrek nire nobelak aldatuko al lituzke? Noski ezetz. Eta zer mesede egiten die liburuei nirekin, nire aurpegiarekin, nire ezaugarrien zehaztasun etsigarriekin lotzeak? Batere ez».

Fikziozko pertsonaia baten ahotsa da, artisten diskurtsoei, bizipenei eta gaitasun sozialei—obrari baino gehiago— erreparatzeko dugun joeraz purrustaka ari dena. Oker dabilenik ezin esan: bere izaera publikoa eraiki ez duen artistak nekez egingo du bere tokitxoa gaur.

Baina hau ez da artista lotsati eta nekatuen aldarrikapenetarako txokoa. Hemen ikuslearen begiradak agintzen du, hartzailearen jakin-minak —intelektualak edo morbo gosezkoak—. Eta kontraesanak kontraesan, aitortu behar dut ni ere banaizela egilearen protagonismo erabatekora eraman gaituen katearen parte. Elkarrizketa patxadatsuak dira nire ikus-entzunezko genero kutunena. Sueltoan direnak maite ditut gehien, formatu bat direnak bere baitan, eta ez dutenak ia montajerik. Ez daudenak hala moduz integratuta saltokako formatua duen telebista programa zabalago batean, ez jolas eta kolaboratzaile andanaren trikimailuen menpe. Zertan estali jantzi koloretsuz biluzian ere erakargarria dena?

Joerak joera, denboraren azterketa gainditu duen formatua da berriketarena. TVEren A fondo dut gogoan, 1976an hasi zena, eta ikusteko modukoa dena oraindik ere. Baina berdin dira arrakastatsu Twitch eta podcasten garaiotan. Jordi Wild edo El Sentido de la Birra kanaletan bi ordutik gorako iraupena duten elkarrizketak egiten dituzte arrakasta handiz. Euskaraz bideo-podcastgintzari lotuta garatu dira asko: Yoko Ona, Bertikala, Zarramarra... Baina ez soilik. Urko Aristik behin eta berriz erakusten du elkarrizketak egiteko duen sentiberatasuna Hitzokei saioan, eta Paul Beitiak Lugorria izeneko saila abiatu du Gedar telebistan, Andoni Egaña elkarrizketatuta. Ahoz esandakoak ezin dira azpimarratu oraindik, baina kasu, asmatuko dute hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.