Iruñeko Sanferminak

Txupinazoa zuzentzeko ardura

Pamplonesa musika bandak botako du sanferminetako txupinazoa, iruindarrek boto bidez hori erabaki ondoren. Jesus Garisoain bandako zuzendariordeak piztuko du suziria

Jesus Garisoain Pamplonesako zuzendariordea iazko sanferminetan, makila eskuan dianak zuzentzen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Txupinazoa jaurtitzeko tenorean, Iruñeko udaletxeko sarreran zain egoten da Pamplonesa musika banda, gaitero eta txistulariekin batera. Suziriak eztanda egin bezain pronto, haiek arduratzen dira lehenbiziko obra jotzeaz: Gaintza biribilketa. Bestaren lehen doinua da. Aurten, lehenbiziko ekitaldia gidatzea dagokio, ordea, Iruñeko musika bandari: txupinazoa botatzeko aukeratu dute iruindarrek. Jesus Garisoain bandako zuzendariordeak botako du bandaren izenean.

Ia aho batez erabaki dute iruindarrek Pamplonesak abiatuko dituela Iruñeko bestak. 9.472 hiritarrek eman dute botoa, eta ia boto guziak eskuratu ditu: %92,1. Aurten, bi hautagai baizik ez ziren: musika banda eta Luis Sabalza Osasunako lehendakaria. Pamplonesak ehun urte bete ditu, eta urteurreneko ospakizunak borobiltzeko modua izanen dute uztailaren 6an udaletxeko balkoira aterata. Atzo jakinarazi zuten suziria nork botako zuen, eta Jose Andres Palacios Pamplonesako lehendakaria hunkiturik agertu zen prentsaren aurrean. Hitzak ezin atera ibili zen hasieran: «Mila esker, Iruñea».

Palaciosek besta hasiera berezia iragarri zuen, Garisoaini erreferentzia eginez: «Aurten ez dugu txupinazoa botako, aurten txupinazoa zuzenduko dugu». Zuzendari makila eskuan botako duela aurreratu zuen. Udaletxeko hirugarren pisuko balkoian pizten da suziria, eta aretoan bandako kide gehienak egotea nahiko luketela esan zuen Palaciosek. Are, iradoki zuen Gaintza biribilketa atarian jo beharrean, han bertan jo dezaketela.

Lehendakariak esan zuen gaur egun Pamplonesa «maila artistikorik onenean» dagoela, eta nabarmendu zuen bide horretan, besteak beste, Garisoainen lana beharrezkoa izan dela. Hala erabaki dute bandako kideek. «Bandaren balioak eta oinarriak oso ongi islatzen ditu, eta hori transmititu nahi dugu».

Joseba Asiron Iruñeko jarduneko alkatearen arabera, Pamplonesak «oso modu fidelean» ordezkatuko ditu iruindarrak uztailaren 6an: «Pamplonesa esatean, Iruñea esaten dugu, eta sanferminak». Hiriburuko garai eta jarduera nagusietan bandak jo duela gogoratu zuen, eta belaunaldiz belaunaldi musika zabaldu dutela. «Horregatik, Pamplonesak erabat merezi du aitorpen hau».

Ehun urte

«Bandaren ehun urteetan, garai zoragarriak izan dira, eta hau, txupinazoa botatzeko aukera,oso berezia izanen da guretzat», aipatu zuen Palaciosek. Zenbait izen etorri zitzaizkion burura: Cervantes anaiak, Manuel Turrillas, Ricardo Garcia Cerda, Maritorena, Zugarrondo... eta bandan aritu diren «milaka» musikariak ere bai. «Gogoratu nahi ditut Pamplonesaren izana mantentzeko goizeko bostetan esnatu diren horiek». Izan ere, lehen dianak ordubete lehenago jotzen zituzten, entzierroa ere ordubete lehenago hasten baitzen.

Mikrofonoa aurrean zuela aprobetxaturik, Palaciosek esan zuen bandak «oso garrantzitsuak» direla herrietan. «Banda egunero zaindu behar da. Herriak herriarentzat egiten duen zerbait da; kultura da, eta herri guzietan bandak sustatu behar ditugu». Atzean musika eskola ere egoten dela gogorarazi zuen. Horregatik, Pamplonesak ez ezik, suziria Iruñeak ere botako duela esan zuen. Beste hautagaia gogoratu zuen: «Osasuna eta Pamplonesa elkarri lotuta ibili gara beti». Uztailaren 6an turutek eta tinbalek emanen diote paso Pamplonesari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.