Euskarabentura

Euskaraz gozatzeko oasia

Euskarabentura bi txandatan egiten ari dira aurten. Bigarren txandako parte hartzaileek Bidania-Goiatz utzi berri dute, eta Aulestin daude jada.

Euskarabenturako parte hartzaileak kanpin dendak jasotzen, Bidania-Goiatzetik Aulestira joateko, atzo. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
Bidania-Goiatz
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bidania-Goiatzeko San Bartolome elizaren alboan dagoen aparkalekutik Berri Txarrak-en Katedral bat abestia entzuten da, ozen. Parrokiaren atzealdera joan, eta kanpamentu handi bat ikusten da. Elastiko urdin eta laranjak dauzkate jantzita, eta Euskarabentura idatzi dute bertan. Kanpin dendak jasotzen dituzten bitartean, abesten dabiltza Euskarabenturako parte hartzaileak, irribarretsu. Musika furgoneta zuri batetik dator, eta han, kaxetan gordetzen dituzte espedizioetarako behar dituzten materialak.

Euskarabenturako bigarren txandako parte hartzaileak dira.Bi txandatan egiten ari dira aurten espedizioa, eta joan den ostiralean hasi zuten bigarren txanda, Bidania-Goiatzen. Lau egun Gipuzkoako herri txiki horretan egon ostean, espedizioaren bigarren taldea Aulestira (Bizkaia) abiatu zen atzo, abenturan jarraitzeko. Orotara, 90 pertsonak osatzen dute bigarren txanda: 16-17 urteko 60 parte hartzaile jzioquitarrek (laranjaz); eta 30 mediku, argazkilari, begirale eta koordinatzaileek (urdinez). Azken horiek dira xerpak.

Euskal Herri osoko gazteek parte hartzen dute Euskarabenturan, eta bigarren txandan, Ipar Euskal Herriko 16 gazte batu dira. Horietako bi dira Alaia Dammers angeluarra eta Garazi aldeko Eneko Laxague. Biak oso gustura daude espedizioan dagoen laguntasun giroa dela eta. Dammersek gaineratu duenez, euskaraz hitz egiteko balio dio: «Nire lagunek frantsesez dakitenez soilik, aukera paregabea da hau nire euskara hobetzeko».

Herniora igo eta Zegama bisitatzeaz gain, bisita bereziak izan dituzte jzioquitarrek: Bulego taldeaeta Kike Amonarriz. Amonarrizek euskararen erabileraren inguruko hitzaldi bat eman die. Hala ere, sorpresatxo bat izan zuten gazteek Zegaman. Beñat Urtazamaia parte hartzaile irurarrak momentu «polit» moduan gogoratu du: «Zegaman genbiltzala, Gorka Urbizurekin egin genuen topo, eta une ikaragarria izan zen».

Orain, Bizkaian daudela, Lekeitioko hondartza, Santimamine, Gernikako Juntetxea eta Aulesti ezagutuko dituzte. Gainera, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua eta Agurtxane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariarekin batuko dira. Euroeskualdeari buruzko hitzaldia ere izango dute.

Bigarren txanda, «oso alaia» dela dio Dylan Inglis xerpak. Parte hartzaileen arteko harremanak eta euskara sustatzea helburu, joko desberdinak egiten dituzte. «Hasieran, oso gutxik ezagutzen zuten elkar, eta orain, familia bat bilakatu dira».

Neurriak errespetatuz

Euskarabenturaren aurreko bi edizioak ibiltariak izan ziren, eta 180 lagun biltzen ziren. Aurten, ordea, COVID-19a dela eta, hori ezinezkoa izan zaie antolatzaileei, eta bi taldetan banatu behar izan dute espedizioa. «60ko bi taldetan banatu behar izan ditugu parte hartzaileak, eta hamar egunetara mugatu espedizioa», Irune de la Maza Euskarabenturako antolatzaileak adierazi duenez.

Horretaz aparte, arazoak izan dituzte hasieratik herri batzuetan kanpamentua jartzeko, De la Mazak azaldu duenez. Bestalde, COVID-19 protokoloa gogor betetzen dute, espedizioan dauden bi medikuen laguntzaz. Maria Arrozpide Euskarabenturako medikuetako batek protokoloa azaldu du: «Leku itxietan, maskararen erabilera beharrezkotzat jotzen dugu, eta goizero tenperatura neurtzen diegu denei».

Hala ere, espedizioa hastean, parte hartzaile bakoitzak bi egun lehenago eginiko PCR proba aurkeztu behar izan zuen, eta egun berean antigeno proba egin. Horrez gain, barneko langile zein parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko, kanpoko bisita bereziei antigeno proba egiten diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.