Ohartzerako iraila iritsi da

Hego Euskal Herrian, oro har, bihar hasiko da ikasturtea, eta asko joan dira egun hauetan eskolako materiala erostera. Dendetan lan gehiago dute, nahiz eta geroz eta gutxiago saldu.

Aita eta alaba ikasturte berrirako materiala aukeratzen, atzo, Iruñeko Elkar liburu denda batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Seinale guziak hor ziren: liburu denden erakusleihoak motxilaz, testuliburuz, jokoz eta bestelako ikasmaterialez beterik zeuden. Udako oporretako oroitzapenak oraindik gogoan, ate joka da ikasturte berria Hego Euskal Herrian. Iraila iritsi da, ohartzerako, eta asko koaderno, boligrafo, zorro, motxila eta liburuak faltan harrapatu ditu. Azken uneko erosketak egiteko egunak dira, eta jende dezente dabil liburu dendetan sartu eta atera. Lan gehiago dutela sumatu dute dendetan; jendeak materialak behar ditu ikasturtea ongi hasteko, baina, hala ere, gutxiago saltzen dute orain. Batik bat, testuliburu gutxiago.

Karrikan sumatzen da oraindik eskolak ez direla hasi. Haurrak ikus daitezke Iruñeko Alde Zaharrean, gehienak gurasoekin batera. Liburu dendetarako bidea hartu dute gehienek; ikasturtea hastera doa, eta berandu baino lehen egin behar dira erosketak. Koloretako koadernoak aukeratzen aritu da Mar Etxeberria bere semearekin. «Guk azken orduan erosten dugu normalean, udan oso gustura egoten garelako, eta nagia ematen digu», kontatu du. «Erosi ditugu margoak, gastatzen direlako; errotuladoreak, idortzen direlako; eta koadernoak. Liburu gutxi. Doakotasun programarekin, hobeki ateratzen zaigu, baina, hala ere, gastu handia da irailekoa». Buruz ari da, baina gutxi gorabehera 200 eta 300 euro artean ordaindu ditu ikasmaterial berriengatik.

Dendan ez dago jendetzarik une batean ere, baina etengabekoa da jarioa. Jarraian agertu da Ramon Vidal, semearekin. Haiek ere koadernoen apaletan ari dira arakatzen. «Ez goaz hain berandu. Bi egun lehenago erostearekin aski da», ohartarazi du Vidalek. «Ez dugu gauza askorik erosiko gaur: koadernoak eta aizturrak. Gainerakoa bagenuen». Onartu du ikasturte hasieran gastu handiagoa egiten dutela. Adibidez, motxila bat erosi dute aurten, 60 euro ingurukoa. «Bada gastua, baina guk seme bakarra dugu. Biderkatzen hasiz gero, orduan asko izan daiteke».

Lagun artean ere bai

Amarekin, aitarekin zein amatxirekin joan dira haurrak ikasturte berrirako materiala erostera. Batzuek zerrenda ere badaramate, deus ere ez atzentzeko. Testulibururik ez dute: materiala behar dute. «Liburuak ekainean eskatu genituen, ikasturtea bukatu bezain pronto. Ez genuen arriskurik hartu nahi», onartu du Etxeberriak. Zerrenda eskuan baina gurasorik gabe agertu dira Irantzu Mendirazo, Jone Grande eta Saioa Altxu. DBHko laugarren mailan hasiko dira aurten. «Gaur etorri naiz; uda hasieran oso goiz zen, eta gero oporretan egon naiz», kontatu du Altxuk, plastikozko orri-bereizleak begiratzen zituen bitartean.

Grandek erosia du materiala; beraz, laguntzera joan da lagunekin. Mendirazok ere gauza batzuk erosiak ditu, baina ez dena. «Hemen dena aurkitu dugu; denetarik dago», kontatu dute. Gogotsu aritu dira hirurak apal batetik bestera materialak begiratzen eta aukeratzen. Hala ere, ez dute hainbesteko gogorik udari agur esateko: «Egia esan, ez dut batere gogorik eskoletara itzultzeko», onartu du Altxuk.

Lanez gainezka

Ikasturtea hasi aurreko asteak lan handikoak izaten dira liburu dendetan. Arantxa Madoz arduratzen da testuliburuez Iruñeko Elkar denda batean. «Egun bereziki mugituak izaten dira, jende asko etortzen baita». Batzuek ikasturtea bukatu bezain pronto eskatzen dituzte hurrengo ikasturteko liburuak, baina ez denek. «Batez ere azken bi asteetan etortzen da jendea liburuak erostera. Batzuek ekainean egiten dute eskaria, baina bi egun lehenago etortzen dira biltzera». Bi langile gehiago kontratatzen dituzte ikasturte hasierako kanpainarako.

Liburu denda txikietan ere egun bereziak izaten dira ikasturtea hasi aurrekoak. Abarzuza dendako Marcela Abarzuzak esan du lan gehiago dutela, baina beraiek ez direla gai jende gehiago kontratatzeko. «Orain batez ere eskolako materiala saltzen dugu. Testuliburuen kasuan, azken bi urteetan aldatu egin da: eskatutakoa dendan dugula esan ahala etorri dira asko uda osoan zehar». Salmentetan ere bada aldea azken urteetan. «Orain testuliburu gutxiago saltzen ditugu, doakotasun programa dagoelako. Erabilera bakarreko materialak bai, saltzen ditugu; adibidez, ingeleseko liburua ez dugu saltzen, baina koadernoa bai». Digitalizazioa ere sumatu duela aitortu du. «Lan bera da, baina diru gutxiago».

Ilara du mostradorean zain Abarzuzak; berehala ekin dio lanari. Hizkuntza eskolako ingeleseko liburua zein izanen den ezin izan dio argitu bezero bati; hiru gaztetxori esan die zein den itsasgarririk onena kalitate-prezioei begiratuta; eta, bitartean, kontuak egin ditu hirugarren batentzat. Azken txanpa dute liburu dendek egun hauetan, eta ikasturtea hasi baino ez da egin bezeroentzat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.