Erromesak 'Done Euri' bidean

Ez da beste Donejakue bide batzuk bezain ezaguna eta jendetsua, baina erromes askok Kostaldeko bidea aukeratzen dute, paisaiagatik eta eguraldiagatik.

Erromes bat, Donejakue bidean Donostia eta Orio arteko zatia egiten. BERRIA.
jakes goikoetxea
Orio
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Plastikoak estalitako eta babestutako silueta bat Orioko (Gipuzkoa) Muniota eta Andu baserrien arteko harri labainkorretan behera. Bi hankako giza barraskilo bat, egun batzuetarako etxea bizkarrean, irristatzeko beldurrez. Orban laranja bat ganduak lausotutako paisaian.

Udaberritik aurrera Donejakue bidea egiten duten erromesak zirimiriaren moduan iristen dira Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko herrietara: tantaz tanta eta etenik gabe. Iparraldeko bidea edo Kostaldeko bidea aukeratzen dute. Urrun geratzen da Santiago de Compostela. Zortziehun bat kilometro daude Irunen (Gipuzkoa) eta Galiziako hiriburuaren artean.

Silueta laranja, eta gero, beste erromes bakarti bat, hezetasunak, denborak eta ibiltariek higatutako eta berdetutako harrietan behera. Hori ere kontuz. Ganduak, euriak eta lokatzak lausotu ezin duten irribarre bat. Wiebke da. Alemaniarra.

Duela bost urte Donejakue bidea egiten saiatu zen, Zilarraren ibilbidetik: «Baina utzi egin behar izan nuen, minagatik». Bihotzean zeraman arantza, eta bidea egitera bueltatu nahi zuen, arrastoa utzi baitzuen harengan: «Inoiz ez dut topatu hain jende ezberdina eta interesgarria leku berean. Komunitate sentimendua ere bakarra da, paregabea».

Duela bi aste medikuntza ikasketak bukatu, eta herenegun Irunen zen, bidea hasteko. Kostaldeko bidea aukeratu zuen, besteetan bero eta jende gehiegi izango zelakoan. Eta ahizpak gomendatu ziolako. Euria eta lokatza ez dira aitzakia, «eguraldi zoragarria» iruditzen zaio eta.

Pozik doa, «ez baitago ezer hoberik, mendia eta itsasoa aldi berean». Miresmenezko «uau» bat atera zaio barrutik. Trenean iritsi zen Gasteiztik Donostiara, eta mendiek, behiek... liluratu egin zuten: «Mundu ezberdin batean sartu nintzela iruditu zitzaidan».

Alemaniarren zuhurtasuna

Poliki doa, bastoiak lagun. Motxila astuna darama. Arinagoa zirudien Alemanian, baina astuna zela ohartu zen hogeigarren kilometrorako. «Badakizu alemaniarrok nolakoak garen...». Poliki, baina Santiagora iristeko asmoa du: «Denbora dut irailera arte».

Eguraldiak Done Euri eta Done Lokatz bihurtu dute egunotan Kostaldeko bidea. Ez da arazo Genovako Elenarentzat: «Uste dut hobe dela. Ez eguzkirik, ez berorik... Gozatzen ari naiz. Ikuspegia eta ibilbidea zoragarriak dira».

Bidezidorrak putzu eta erreka bihurtu dira leku askotan. Geratu da euria. Erromesetako batzuek esekigailu bihurtu dituzte motxilak. Galtzerdiak, barruko arropa... kulunkan urrats bakoitzean.

Urrats kementsu batzuk eta irribarre zabal bat lokatzetan aurrera. Elissa da. Wisconsingoa (AEB). Medikuntza ikasketen zama arintzeko, indarberritzeko eta atseden hartzeko ari da bidea egiten. Lehen eguna du. «Denbora pasatu nahi dut naturan. Erronka fisikoa, mentala eta espirituala ere bada». Hilabete du Santiagora iristeko. Mutil laguna batuko zaio Santanderren (Espainia).

Bakarrik doaz erromes asko. Talde txikietan beste batzuk. Hiru gizonek osatzen dute talde horietako bat. Praka motzak eta kirol oinetakoak —kalekoak, ez mendikoak— dituzte soinean. Bi aukera daude: eskarmentu handia dute halako ibilbideetan eta nahita aukeratu dute arropa, edo ez zekiten zer girori eta ibilbideri aurre egin behar zioten.

Lehen aukera da: kirol oinetakoak erabiltzen dituzte, botak baino azkarrago lehortzen direlako eta baba gutxiago sortzen dituztelako. Castelloko (Herrialde Katalanak) Josek eta Tonik zortzigarren edo bederatzigarren Donejakue bidea dute aurtengoa. Hori bai, Kostaldeko lehena. Urte batean Castellotik bertatik abiatuta iritsi ziren Santiagora. Aurten Bilboraino ailegatuko dira, eta hurrengo urtean jarraituko dute.

Bastoiak oroigarri

Badakite, beraz, motxila nola prestatu eta alferreko kiloak nola saihestu. Beste batzuekin alderatuta, motxila txikiagoak eta arinagoak daramatzate. Haien Ezinbestekoak: aldatzeko arropa eta atseden hartzeko oinetakoak edo txankletak. Eta belarrietako tapoiak? Guztiek aipatzen dituzte. Bestela, ezinezkoa izan daiteke hogei laguneko logeletan lo egitea. «Batzuetan neuk ematen dizkiet tapoiak nire ondoan lo egiten dutenei», esan du Tonik. Zurrunga egiten du.

Kanaberazko bastoiak daramatzate. «Geuk egiten ditugu urtero», azaldu du 74 urteko Josek. «Etxera iritsitakoan, zintzilikatu egiten ditugu».

Euskal Herriko naturak eta paisaiak erakarri ditu Karin eta Sophia ama-alabak. Alemaniarrak dira, hegoaldekoak, Oihan Beltzaren ingurukoak. Sophiak ezagutzen zuen Euskal Herria, astebeteko surf ikastaroa egin baitzuen Sopelan (Bizkaia). Biek zuten bidea egiteko asmoa, eta elkarrekin egitea erabaki zuten. «Harreman ona dugu, eta kalitateko denbora da guretzat», nabarmendu du Sophiak.

Bilbora arte iristeko asmoa dute aurten, Sophiaren hotzeriak uzten badie behintzat. Botikak erosiko ditu Orion. Bi egun daramatzate bidea egiten, eta gozatzen ari dira. Karini atentzioa eman diote intxaurrondoek eta gaztainondoek: «Oihan Beltzarekin alderatuta, oso ezberdina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.