Postalak txukuntzen

22 langileko talde batek garbitzen ditu egunero Donostiako hiru hondartzak. Traktore batek hondar guztia bahetzen du. Goizaldean hasi, eta dena prest izaten dute herritarrak iristerako.

Traktorea, hondarra bahetzeko makina atoian daramala, hondartza garbitzen. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hiria oraindik ez da hasi taupadaka. Kaleak hutsik, errepidean auto gutxi batzuk baino ez, eta loaldiari orduren bat kendu dioten korrikalariak. Hiriaren postalak itzalita daude: eguzkia ez da atera oraindik, eta kale argiek ezin dituzte argitu Donostiako hondartzak. Espaloi eta errepidezko hiria esnatzeko dagoen bitartean, baina, garbitzaileak lanean ari dira hiriaren hiru erakusleiho eta agertoki nagusietakoak prestatzeko: Kontxako, Ondarretako eta Zurriolako hondartzak.

Egia esan, hiriak lo hartu aurretik hasten dira lanean. Hondarra garbitzeko eta bahetzeko traktorea 22:30ean hasten da lanean, Zurriolako hondartzan. 04:00ak arte. «Gero», azaldu du Mikel Egurtzak, «beste gidari batek hartzen du traktorea, eta Ondarretako eta Kontxako hondartzak garbitzen ditu». 09:30erako ateratzen da hondartzatik. Erabiltzaile gehienak hondartzetara iristerako, garbi eta bahetuta topatzen dituzte, makinak utzitako ubera marraduna zapaltzeko eta desegiteko prest.

Donostiako hondartzen garbiketaren arduraduna Mikel Egurtza da, FCC enpresakoa. Donostiako Udalak FCCri azpikontratatu dio hondartzen garbiketa, eta Egurtzak 2006tik du ardura hori. Hamazazpi uda dira txukunketa lanean: urte asko goizaldean jaikitzen. Korrikalari batzuek agurtu dute. Goizaldeko herritarrek elkar ezagutzen dute.

Traktorea eta langileak

Guztira 22 langilek garbitzen dituzte hondartzak. 05:00etan hasi dira. Kontxan, aurrena, pasealekuaren azpiko arkupeak garbitu dituzte. Ez da geratzen bezperako kaleko edanaren edo bestelako zaborren arrastorik. «Gazteek botila festa egiten dute arkupeetan, ostegunetik igandera, udan eta neguan», Egurtzaren arabera. «Botilak hautsi egiten dituzte, eta kristal zati guztiak jasotzen saiatzen gara, hondartzako gauzarik arriskutsuenetakoa baitira».

Traktoreak hondartza guztia pasatzen du. Atoian darama hondarra bahetzen duen makina: altzairuzko xafla bat hondarretan sartzen da, eta hondarra altxatzen du; altzairuzko hortz batzuek hondarra askatzen eta zaborra sareetara igotzen dute; hondarra erori egiten da; eta zaborra atoiaren biltegian geratzen da.

Traktorea, ordea, ez da iristen hondartzako txoko guztietara. Ezin ditu hormen inguruak garbitu. Hondarretako langileek egiten dute hori, eskuarea esku batean, otarrea bestean. Hondartza guztia pasatzen dute, badaezpada, makinak utzitakoa biltzeko. Makinak egur zati txikiak eta zigarrokinak jasotzen ditu batez ere.

Aurten ohi baino begi estuagoko sarea jarri dute, eguraldi ona egiten duenean, hondarra lehor eta aske dagoenean, makinaren xafla sakonago sartu eta zakar gehiago harrapatzeko. Egurtzak sakelakoa hartu du, argazki bat erakusteko: makilatxoz eta zigarrokinez betetako edukiontzi bat ageri da, sare hori erabili zuten egun bateko emaitza. Begiekin ia ikusten ez den zaborra, baina guztiak pilatuz gero, edukiontzi bat betetzeko adina. Halako garbiketa sakona egiten dute denboraldiaren hasieran, neguko ekaitzen eraginez hondarraren azpian geratutako egur zatiak biltzeko.

Langileak zaborrontziak husten ari dira. Zabor poltsa dute esku batean, sakelakoa bestean. Aplikazio batean zehazten dute zabor poltsa bakoitzeko zabor kopuruaren estimazioa: poltsa beteta dagoen, erdi beteta...

«Gero eta hondakin gutxiago jasotzen dugu», nabarmendu du Egurtzak. «Jendea gero eta gehiago jabetzen da hondakinak jasotzearen eta birziklatzearen garrantziaz». Errefusa gutxitzea da helburuetako bat.

Egurtzak uste du herritarrek estimatzen dutela hondartzen garbitasuna. «Zoriontzen gaituzte». Hala ere, bakarren bat kexatu izan zaie Aste Nagusian, goizean oraindik hondartza guztiz garbia ez zegoelako: «Baina hondartza 05:00etan nola zegoen erakutsiz gero, harrituta geratzen dira. Jendea ez da konturatzen hondartza nola geratzen den festa bat egin eta gero». Oso zikin, alegia. Aste Nagusiko egunak dira «okerrenak». «Kaleko edanagatik batez ere».

Su artifizialak eta kaioak

Donostia. Aste Nagusia. Su festak. Jendeak gora, zerura begiratu ohi du. Goian lehertzen dena, baina, behera erortzen da, uretara. Su artifizialen karkasak. Egunero jasotzen dituzte, batez ere Klub Nautikoaren inguruan. Urak hondartzara eramaten ditu zati batzuk; besteak uretan geratzen dira. «Aurten, jaien amaieran, bi urpekari ere sartuko dira, eremu guztia ondo garbitzeko», zehaztu du Egurtzak.

Kaioak pausatu dira Kontxako hondarretan. Hondartzako garbiketa lanetan parte hartzen ari dira. Egurtzak gogoan du duela urte batzuk, orduko zaborrontzi motarekin, poltsak zintzilik geratzen zirela, eta kaioek zulatu egiten zituztela, janari bila. Gaur egungo zaborrontziak plastiko gogorrekoak dira, eta ezin dute hori egin.

«Kaioek gabarroietan sortzen digute arazo gehien», jarraitu du. «Gabarroietan lo egiten dute, eta zirinez betetzen dituzte. Garbiketarako daukagun itsasontziak egunero garbitzen ditu».

Eguna argitzen hasi da. Igerilari gehiago agertu dira. Gazte kuadrilla bat korrika. Talde txiki bat yoga egiten. Kontxako barandatik lastozko kapelak dituzten festazale batzuen buruak agertu dira.

Egurtzak udan Donostiako hondartzak ditu lantoki. Hiriaren ikurrak. Egunero ikusten du egunsentia. «Iraileko argia, iraileko argia berezia da». Lanak bukatzear dituzte. Donostiako postalak prest daude herritarrak hartzeko eta argazkietarako. Garbitzaileek hurrengo egunean berriro prestatuko dituzte agertokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.