Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Intuizioak

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
EITBri buruzko bi albiste irakurri nituen atzo. Batean, Euskal Soziometroaren azken emaitzak, hedabideen eta EITBren inguruan. Bestean, ETBk pertsona baten agerpena zentsuratu duela Altsasukoak aske, muntaia polizialik ez lelodun kamiseta zeramalako.

BERRIAn inkestaren albistea irakurri eta gorputzaldi txarra sentitu nuen. Urrun daude ETBren euskarazko kateak ikus-entzuleekiko identifikazioa sortzetik, urrun ikus-entzuleak egunero haiengana gerturatzetik, urrun ikus-entzuleek kalitatearekin lotzetik... Edozertan ari garela, erantzunak gabe, galderak sortzea interesgarriagoa dela entzun izan dut maiz. Ez dira, ordea, gauza bera galderak eta zalantzak. Eta zalantzak uxatze aldera inkesta bera aurkitzen saiatu nintzen. Lortu nuen, pixka bat kostata, zabaldutako dokumentu laburtu eta ofiziala aurkitzea. Hura irakurri eta, argi dago, kontsolatzen ez dena... Alde positiboak nabarmentzen zituen, nabarmen. Ezkorrago bat, baikorrago bestea, dokumentu laburtuaren oineko lotura klikatzea onena, norberak erabakitzea. Begiratu orokorrak adierazi zidan, beste behin, neuzkanak baino denbora eta jakintza gehiago behar nituela hura ulertzeko; jakintzaren faltan, intuizioekin konformatu beharko nuela.

Intuizio horiekin du zerikusia, handia, Aiaraldea hedabideko bigarren albisteak. ETB2ko saioan agertu behar, eta grabaketarako aipatu lelodun kamiseta jantzia zuelako, ez zutela gizon baten adierazpenik jaso. Ekoizpen etxeko langileen arabera, EITBko arduradunen erabakia izan zen. Sartu gintezke hala, horregatik, horrela izan zen edo ez eztabaidatzera, sarritan ohi dugun eran. Horrelakoetan, kasu bakoitzaren xehetasunei so egin ordez, joerari begiratzea egiten zait sinesgarri niri. Eta, inkestako erantzuleek ETBko albistegiei fidagarritasun handia eman arren, gutxik uste du horiek presio politiko eta komertzialetatik libre daudenik. Eta, lehen ere, hainbat saiotan gertatuekin, arduradunek hartutako erabakiekin eta gai arantzatsuen inguruan eskainitako lanketekin, zentsura kasuarena sinesgarria egiten zait, oso.

Eta, hala ere, kontraesanak. Inkestatuek identifikazio handiagoa sentitzen baitute La Sexta eta Tele5 kateekin, ETB1ekin baino. Horretan ez dauzka EITBk soilik etxerako lanak. Euskaldunok badugu zer hobetu eta hausnartua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.