Albistea entzun

Bide eta leiho musikari

Ikasketa akademikoa bezala, bizi ibilbidea eta humanoa. Bi-biak biltzen ditu Musikenek bete berri duen hogei urteko ibilian: nazioartekotasuna ikur, bertako gizartean txertatzea du orain xede, klasikoa, garaikidea eta jazza bidaide.
Lau solairu eta ezin konta ahala ikasgela eta entsegu gela txiki ditu Musikeneren egoitzak egun; Donostiako unibertsitateen gunean dago.
Lau solairu eta ezin konta ahala ikasgela eta entsegu gela txiki ditu Musikeneren egoitzak egun; Donostiako unibertsitateen gunean dago. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2022ko otsailak 12 - Donostia

Bi hilabete ere ez dira igaro New Yorkeko Dorre Bikiak eraitsi zituztenetik; jendearen burmuinetan durunda egiten du gertaera haren oihartzunak. Bizitzaren musikak bere tenpoa du, ordea, eta beste oihartzun bizigarriago baten durunda entzuten da euskal musikaren komunitatean. 2001eko azaroaren 6a da, eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia martxan jarri dute, Donostian, Miramarko Jauregian. Abiatu dira lehen klaseak. Ekin zaio bide bati.

Bide bat eta ikusmiran leiho bat, argitara emana. Urte askotako lanketaren eta desiren emaitza da: musika ikasketa duinak eskainiko dituen zentro eta plangintza bat izatea. Eusko Jaurlaritzaren mendeko gunea da, eta Alejandro Zabala du lehen zuzendaria. Lekua, guztien ahotan, «zoragarria»; jauregi zahar bat, eta pare-parean, ikusmira ezin ederragoan, itsasoa. Baina ez da Musikeneren jabetzakoa, eta laster ohartuko dira: ez da lekurik egokiena musika eta haren aldaerak, teoriko nahiz praktikoak, instrumentuak eta abarrak behar bezala irakasteko eta praktikan jartzeko.

Hogei urte igaro dira orduz geroztik, bidea eginez. Eta, bide horretan, hainbat kontu aldatu dira. Aldaketa ugari izan dira zuzendarien artean, adibidez. 2007ra arte iraun zuen Zabalak. Gero igaro ziren Jose Luis Estelles (2008-2009), Juan Carlos Perez (2010-2011), Patri Goialde (2011-2014) eta orain arteko azkena, gaur egungo zuzendari Miren Iñarga (Irun, Gipuzkoa, 1966). Garai aztoratu eta gatazkatsu samar baten ondoren hartu zuen zuzendaritza Iñargak, 2014ko ikasturtean. Hasteko, erronka nagusi bat: egoitzaren mudantza egitea, musika ikasketetarako egoki doituta eta unibertsitateen gunean dagoen eraikinera. «Lan intentsoa eta ilusionagarria izan zen. Eraikin berriak unibertsitateen campusean kokatu gintuen, horrek duen indar sinbolikoarekin».

Burbuila sonoro beltz bat. Musikaren erlauntza. Inurritegi musikal bat. Eraikuntza berezia da 2015az geroztik Donostiako Europa plazan dagoena. Sartu, eta iluntasun barea, jendea, gaztea gehiena, aurrera-atzera, grinatsu batzuk, lasaiago bestetzuk: musika tresnaren bat aldean, bizkarrean. Lanerako prest, inurrien gisan. Lehen solairura igo, eta administrazio bulegoak eta mediateka. Hogei bat langile han, eta bulegoetako batean, zuzendaria: «Ez dugu itsasoaren ikusmira, baina lanerako gozamen hutsa da eraikin hau: goi mailako musika eskolak emateko bereziki atondua».

Ia hamar aldiz ikasle gehiago

Eraikinaren mudantzaz gain, azken bi urteetako «pandemia egoera berezia» izan du Musikenek erronka nagusia azken urteotan: «Zorionez, itxialdi garaia salbuetsita, iazko ikasturtean klase presentzial guztiak eman genituen, aktibitate akademikoa oso-osorik egin genuen, eta hori oso ezohikoa izan da beste zentroetan».

Akordeoilaria da ikasketaz Iñarga, eta zuzendari izan artean ere musika instrumentu horren irakasle jardun zuen Musikenen: «Klase gutxi batzuk ematen ditut ikasleekin egun, harremana mantentzeko, baina nire eginbehar nagusia besterik da».

Mudantza, eraldaketa, ez da izan soilik tokiari dagokiona: datuek hazkunde izugarri bat adierazten dute. 2001eko lehen ikasturte hartan 50 bat ikasle ziren, gutxi asko. Hogeigarren ikasturte honetan, berriz, 415 ikasle dira, horietatik 311 graduren bat ikasten ari direnak, eta 104 graduondokoa edo masterra osatzen ari direnak.

Maite Arruabarrena mezzosopranoa (Donostia, 1964) kantu irakaslea da lehen urtetik. Ilusioa, zalantza eta ardura, hiru gauzok sentitu zituen proiektuaren hastapenetan: «Denon nahia eta asmoa zen benetan izatea goi mailako zentro bat, eta, nire kasuan, ikasleak atera zitezela kanturako formakuntza sendo batekin». Musikeneren erlauntzan, laugarren solairuan du kantu klasikoa irakasteko gela Arruabarrenak, eta han hartzen ditu bere 11 ikasleak: «Ilusioa ez dut batere galdu, eta orain izugarrizko baldintzatan egiten dugu lan. Beti dago zerbait hobetzeko, baina uste dut gauzak nahiko ondo egin ditugula». Musikenek 20 urteotan egindako lanaren argigarri: 1.263 ikasle igaro dira Musikenetik hogei urteotan. «Horietako asko eta asko musikarekin loturiko jardunean dabiltza, musikari, irakasle, edo biak batean». Aurten, Salzburgoko (Austria) ikasle bat izan dute Erasmus programari esker. «Horrelako harremanek asko aberasten dute ikasturtea; Salzburgoko Mozart eskolatik etorri da, eta esperientzia ederra izan da». Hark bukatu du bere Donostiako egonaldia, eta orain hamar ikaslerekin geratu da. «Ikasleekin dudan harremana oso estua da. Ahotsa hain daramagu barrenean, hain da gure barneko instrumentua, gertutasuna ezinbestekoa baita. Oso lan atsegina da, eta ikasleek izugarri irakasten didate. Elkarrekin egiten dugu aurrera. Ahotsa gustatzen bazaizu, pribilegio handia da kantu irakaslea izatea. Amets bat da». Hainbestekoa du ikasleekiko gertutasuna, Musikene guztitik txoko bat aukeratzekotan bere ikasgela hautatuko bailuke: 445a, alegia. «Hor irakasten diogu elkarri».

Jazza, Musikeneren zutarri

Ikasleekin oso harreman estua du Gonzalo Tejada musikari eta jazz kontrabaxu irakasleak ere (Donostia, 1960). «Niri musika egitea izugarri gustatzen zait, baina ia horrenbeste edo gehiago irakastea. Eta, horretarako, belarri-gogoak erne izan behar dituzu; ikasle gazteek beti dakartzate aire eta ahaire berriak, eta etengabe ikasten da». Ez alferrik, Euskal Herriko jazz musikari oparo eta ipurterreenetako bat da Tejada, besteak beste, Eiderjazz eta Tríptico taldeetako kidea, eta bakarkako lanen konpositorea —azkena, Norma Jeane Baker (2014, Gaztelupeko Hotsak). Ez alferrik, halaber, maite du irakasle lana, eta txokoetan kuttunena du bere ikasgela, kontrabaxua irakasten duena: 321g-a. Aurten hiru ikasle ditu. Jazza irakatsi ahal izatea Musikeneren bertute handienetako bat da, haren hitzetan. Ez da kasualitatea lehen ikasturtean ez baizik eta bigarrenean sartu izana irakasle modura, 2002-2003ko ikasturtean txertatu baitziren jazz ikasketak Musikenen. «Gaur egun ohituak gaude horretara, nahiz eta oraindik ere zentro askotan ez duten ematen. Orduan aitzindariak izan ginen: soilik Kataluniako SMUC eskola hasi zen lehenago gure ingurumarian, urtebete lehenago, hain zuzen ere. Eta hori ausarta eta iraultzailea izan zen. Urratzailea. Eta egun ere bada. Orduan musika ikasketek lizentziaren pareko balioa zuten; egun, lizentzia dira bere horretan eta balio osoz».

Nazioarteko oihartzuna dakar jazzak, ezinbestean. Nazioartekotasuna izan du ezaugarrietako bat Musikenek ere hasieratik. Hala dio Iñargak: «Nazioarteko irakasleak izan ditugu beti, batzuetan iraunkorrago, besteetan egonaldi laburragoetan. Atzerriko ikasleak etorri zaizkigu. Guk ere musikariak eta irakasleak sortu ditugu, eta han-hemenka dabiltza». Horrek guztiak diru inbertsio bat eskatzen du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak hamar milioi euro inguru inbertitzen ditu Musikenen urtero.

Madrildik etorri zen Donostiara Leo Moyano, 1998an jaiotako ikasle gaztea. Piano ikasketak osatu zituen lehenik, 2016tik 2020ra bitartean. Pianoa ia egunero jo, entseatu eta ikasi duen gelan dago orain ere, Musikeneko 2. solairuan: «Ahal dudanero praktikatzen dut, baita asteburutan ere. Hauxe dut unerik gustukoena, ni neu nire instrumentuarekin». Pandemia agertu orduko bukatu zituen piano ikasketak, baina bi urte lehenago hasia zuen bigarren espezialitate bat: orkestra zuzendaritza. Ezin baikorrago dago egindako ibiliarekin eta jasotako formakuntzarekin: «Irakasle ezin hobeak izan ditut, eta jasotzen dena oso goi mailakoa da. Ikasleekin ere harreman berezia egiten duzu; halako lehiakortasun sano bat sortzen da, geroz eta gehiago ikastera bultzatzen zaituena». Buru-belarri ari da orkestra zuzendaritza ikasten egun. Azken urtea du Musikenen. «Pena handia dut, Musikene eta Donostia utziko ditudalako sei urteren ostean, baina itzuliko naiz, ziur. Musikeneri esker onez eta geroari «ilusio biziz» begiratzen dio, bai baitaki nora joango den hurrengo ikasturtean: «Manhattango Musika Eskolan pianorako froga batzuk egin behar dizkidate hilabete barru. Ondo bidean, New Yorken izango naiz heldu den ikasturtean. Gero denborak esango du pianista ala orkestra zuzendari izango naizen».

Bide bat da Musikene. Ikasbide bat. Eta baita leiho bat ere. Leihoetan leihoena, lehen pisuko auditorium ikusgarria. Miren Iñarga zuzendariak huraxe du Musikeneko txokorik kuttunena: «Urtean 80 bat kontzertu izaten ditugu hemen. Auditorium honi esker konektatzen dugu jendearekin, Euskal Herriko gizartearekin».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.