Albistea entzun

Aniztasunaren zimurrak

Azken urteetan, hizpidera ekarri da LGTBI pertsonen zahartzaroaren gaia. Ohiko zailtasun eta estigmei, sexu eta genero disidentziak dakarren diskriminazioa gehitzen zaie. Ongi bizitzeko tresnak eskatu dituzte, eta egoitzak eta erretiratuen elkarteak gune egokiak izan daitezela.
IÑIGO URIZ - MONIKA DEL VALLE / FOKU - BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2022ko ekainak 4

Kanpoan bizi arren, armairua hor dago, eta hartara itzultzeko arriskua ere egon liteke. Zahartzaroan, esaterako, asko dira beren burua berriz ere armairu barruan gordetzera beharturik ikusten dutenak. Betiere gizartearen LGTBIfobiak bultzatuta, zenbait eremutan are nabarmenagoa izaten baita: zahar etxeetan eta erretiratuen elkarteetan, esaterako. Zahartzaroak dituen estigma eta bazterketei, sexu edo genero disidentziak dakarren zokoratzea gehitzen zaie horrela.

Azken urteetan, zahartzaroaren gaiari heldu diote LGTBI elkarte anitzek. Pandemiak eta konfinamenduak ere ekarri zuten kezka hizpidera, itxialdiak ekarritako bakardadeari lotuta batez ere. Izan ere, gaia aztertu duten ikerketen arabera, bakardadearen arazoa handitu egiten da LGTBI pertsona zaharren artean.

Gaiari heltzeko beharra ikusi dute Iruñean. Harrotu LGTBI udal zerbitzua saiatu zen martxoan zaharren talde bat biltzen, haien kezkak, beharrak eta hausnarketak azaldu zitzaten. Baina ez da kontu erraza; aurrerago saiatuko dira taldea sortzen. Bilbon bai, han sortu zuten Zaharrok taldea, Aldarte gay, lesbiana eta transexualen arreta zentroan. Pandemiak eten zuen haren jarduna, baina, orain, berriz ere martxa hartzen dabiltza. LGTBI pertsona zaharrak biltzen ditu, solasean aritzeko eta sareak sortzeko. Getxon (Bizkaia), Gu ere bagara proiektua abiatu dute Julen Nafarratek eta Ines Bermejok, 65 urtetik gorako LGTBI pertsonen bizipenak jasotzeko eta errealitate hori ikusgai egiteko asmoz.

Jose Ignacio Sanchez homosexuala da, eta 78 urte ditu. Gogorarazi du zisheterosexualek dituzten arazo berak dituztela LGTBI pertsonek: «Mina duzu belaunean eta aldakan, osasun zerbitzua makurtu da, osasun etxeetan ez daude geriatrian adituak diren medikuak, eta pentsioak urriak dira». Hala ere, onartu du badirela arazo eta kezka gehigarriak. Zaharrok taldearen sortzaileetako bat da, eta taldea sortzeko arrazoiak azaldu ditu: «Gay memoria historikoa lantzeko sortu genuen, eta pertsona zaharrak laguntzeko: babestuak sentitu daitezen, ez daitezen bakarrik sentitu, eta jakin dezaten hemen badutela toki bat». Gogora ekarri du 80 urtetik gorako gizon bat sartu zela taldean, oraindik armairutik atera gabea. Sare bat da, beraz, eta toki seguru bat.

Txaro Berzosak 71 urte ditu, eta lesbiana da. Nafarroako Erriberan aitzindari izan zen LGTBI mugimenduan. «Norberak izan dituen bizipenen araberakoa da zahartzaroa. Ni kontent nago neure buruarekin», kontatu du. «Zahartzaroan irainak edo diskriminazioa jasaten ahal dituzu, baina bizitza osoan bezala: aldeko inguruak badaude, baina baita kontrakoak ere. Zer jarrera hartzen duzun da gakoa». Haren kezka orokorragoa da: «Egoitzen ereduak kezkatzen nau, oro har. Ezin da askatasunez bizi, eta uste dut aldatu beharrekoa dela hori».

Alizia Izal 63 urteko emakume transexuala da. Zahartzaroa gertuago ikusten du urteak bete ahala, baina, dena den, zahartzaroko errealitatea oso gertutik bizi du, Iruñeko zaharren egoitza batean lan egiten baitu. Datu argigarri bat eman du: «Egoitzan 160 egoiliar inguru bizi dira, eta ez dut ezagutzen LGTBI den inor. Oso arraroa da bat bera ere ez egotea. Zerbaitek huts egiten du». Ezin da egoera ulertu pertsona haien bizipenei erreparatu gabe. Izalek gogora ekarri du gaur egun 80 urtetik gora dituztenen gaztaroan jazarri egiten zitzaizkiela LGTBI pertsonei Hego Euskal Herrian, Francoren diktaduraren legeen bidez. «Egoiliar batzuk agian ez dira inoiz armairutik atera, eta orain, errazagoa den honetan, baliteke pentsatzea jada ez duela merezi», azaldu du Izalek. «Esperientzia negatiboa izan da askorentzat, errepresioa jasan dute, eta ez dira gutxi haien sexualitatea bekatu gisa ikusten dutenak».

Bakardadearen arazoa

Sanchezek argi du zein den zahartzaroko arazorik handiena: bakardadea. LGTBI jendearen kasuan, are handiagoa izaten da bakardadean bizi direnen kopurua, gainera. «Adin batetik aurrera, zaila izaten dugu bikotekidea lortzen. Nik zortea izan dut, 73 urterekin bikotekidea dudalako, nahiz eta kanpoan izan», kontatu du Sanchezek.

Bakardadea, ez bakarrik bizitzea. Zaharren egoitzetan, adibidez, bada bakarrik geratzen denik. «Egoitzetan ezin da zokoratu jendea bere sexu joerarengatik», esan du Sanchezek. «Bi pertsonak elkarrekin bizi nahi badute, bikote izan zein ez, horretarako aukera izan behar dute. Agian, kidetasunagatik egon nahi dute elkarrekin; pentsa, gay zara, eta luma handia duzu, eta ez duzu nahi inork deus esaterik zure logelan».

Jose Manuel Rodriguez fisioterapeuta da. Nafarroako 11 egoitzatan aritu da lanean; orain, osasun mentaleko zentro batean ari da. Hark argi du: «Zaharren egoitzak leku arrotzak dira LGTBI pertsonentzat. Oso ohikoa da marikoi edo puta hitzak erabiltzea iraintzeko. Langileok badakigu gertatuko zaigula; okerrena da egoiliarrek horrelakoak jasan behar dituztela, beren etxean». Rodriguezek uste du horrelako egoitzak «mikroburbuilak» direla. «Zaila da egoiliarren pentsatzeko manera aldatzea, baina, instituzioak ez badu gaia lantzen, nekez egin liteke aurrera». Egoiliarrak jada zaharregiak direla uste dute batzuek, jada ezin dela egoera aldatu. Ez du zertan hala izan: «Esan behar zaie ezin diotela jendeari marikoi, bollera edo puta deitu».

Izali gertatu zitzaion: egoiliar batek transexuala izateagatik iraintzen zuen. «Hilabeteak behar izan nituen, baina, azkenean, lortu nuen egoera iraultzea, eta, orain, errespetuz aritzen zait, eta nirekin beste batzuekin baino konfiantza handiagoa du. Baina ez dira egoera errazak; are gutxiago biktima bazara».

Sanchezek uste du gaia lantzeko premia dagoela: «Zaintzaileek sentsibilitate handiagoa izan beharko lukete egoiliarren sexu joerarekin. Asko armairura itzuli dira, eta armairuak ilun-ilunak dira, eta usain txarra dute». Ezagutzen du zaharren egoitzan sartu aurretik homosexuala zela argi erakusten zuen pertsona bat orain nahiago duena «ohatze azpian» ezkutatu. Halakoak eragozteko, lanketa egin behar da: «Ikastaroak edo hitzaldiak eman daitezke LGTBI jendea hobe trata dezaten». Gauza bera uste du Rodriguezek: «Mahai inguruak egin daitezke, filmak paratu, galderak egiteko tarteak eskaini...».

Izalek uste du inportantea dela egoitzetan LGTBI jendea bilatzea. «Lan hau ezin da kartelekin egin. Jendea banaka-banaka ezagutu behar da. Oso ezkutatuta dago gai hau, bullying-a jasan dezaketelako». Alde horretatik, LGTBI langileek motiba ditzakete egoiliarrak. «Batzuetan, aski da zaren bezala agertzea, alai, ikus dezatela zoriontsu zarela».

Rodriguezek zahar etxe batean gertatutakoa kontatu du: «Egoiliar batek besteari marikoi deitzen zion, etengabe. Irainak jasateaz nazkatu zenean, jo egin zuen besteak. Bada, biktima izan zen konfinatu eta azkenik egoitzaz aldatu zutena». Ez hori bakarrik: «Batzuetan, ez dakigu nola artatu ongi jende trans edo ez-binarioa. Lanean aritu nintzen tokietan, ez nuen aurkitu formakuntza edo mahai inguru bat langileekin gai hauek lantzeko. Ez da hain zaila».

Etxe kolaboratiboak?

Horiek horrela, batzuek uste dute LGTBI pertsonentzako egoitzak edo etxe kolaboratiboak irtenbide bat izan daitezkeela. Izalek nahiko luke Nafarroako herri huts batean halako etxe kolaboratibo proiektu bat sortzea, LGTBI pertsonak edo errealitate horiek baztertzen ez dituztenak bilduko lituzkeena. Rodriguez azkenean gauzatu ez zen halako proiektu batean aritu zen lanean. «Uste dut etxe kolaboratiboen eredua onuragarria dela guziendako; ondoan bizilagunak izateko mentalitatera itzultzea litzateke», esan du. «Zure bizitzaren berri duen eta babesten zaituen jendearekin bizitzeko aukera litzateke». Alternatiba gisa ere ikusten ditu zahar etxeetako egoera aldatzen ez den bitartean.

Berzosak «zalantza handiak» ditu halako proiektuez hitz egitean. «Alde batetik, ghettizazioa bultzatzea ekar dezake horrek. Ulertzen dut aldeko inguru batean egotea dela helburua, baina hori ere erlatiboa da: LGTBI kolektiboaren barruan denetarik dago».Ostatuekin alderatu du: «LGTBI tabernak hasi zirenean, tabernan erregina zinen, baina, gero, etxera itzuli behar zenuen. Tarte jakin batean irtenbidea izan daiteke, baina aferak ohiko tabernetan elkartzen hasi ginenean hartu zuen balioa».

Aniztasuna normalizatzearekin batera aldatuko dira errealitateok, baina zahartzaroa ongi bizitzeko aukera behar dute pertsona guziek, orain, zain egon gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manel Vidal, astearteko saioan ©Berria

TV3ek Manel Vidal umorista kaleratu du, PSC svastika batekin lotzeagatik

Urtzi Urkizu

TV3eko zuzendariak Zona Franca saioa egiten duen ekoiztetxearekin batera hartu du erabakia. TV3eko Programetako Kontseilu Profesionalak kaleratzea salatu du, eta aurrekari bat sortu dela kritikatu.

Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak, goizean, Bilboko udaletxean ©Bilboko Udala

Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak izango dira Farolin eta Zaranbolas Bilboko aratusteetan

Amaia Igartua Aristondo

Besteak beste, ETB1eko 'Goenkale' telesailean egin zuen lan Bagliettok, eta 'Vaya Semanita'-n Otaolak. Inauteriak otsailaren 17an hasiko dira, pertsonaion atxiloketarekin eta epaiketarekin, eta 21ean bukatu.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Nire lanbidea artearekin lotzen saiatzen nintzen beti»

Unai Etxenausia

Armestok biltegian gordeta zeuzkan lan batzuk aurkeztu ditu Gasteizko Zas Kultur Espazioan. Marrazkiek «pertsonen arteko komunikazioa eta inkomunikazioa» erakusten dute.
 ©ETB

«Beste gauza batzuk probatu nahi ditut»

Urtzi Urkizu

Igandean, Gurrutxagaren agurra izango da ETB1eko 'Herri txiki, Amerika handi' saioan. Zortzi denboraldiren ondoren, beste aurkezle bat arituko da 'Herri txiki, infernu handi'-n.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...