Albistea entzun

Garraioa

Eguneroko oztopo lasterketa

Bilbon ibiltzeko mugez hausnartzen ari dira Bilbon Oinez elkartearen ikastaro batean. Hiriaren diseinua eta harrapatzeak dira galga nagusiak, eta adinekoak, gehien kaltetuak.
Bilbotarren %65 oinez ibiltzen dira hiribilduaren barruan. Hala ere, salatu dute oinezkoei ez zaiela «ikusgaitasuna eman».
Bilbotarren %65 oinez ibiltzen dira hiribilduaren barruan. Hala ere, salatu dute oinezkoei ez zaiela «ikusgaitasuna eman». MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko azaroak 13 - Bilbo

Bilbon, oinez ibiltzea da garraiobide nagusia». Zehazki, bilbotarren %65 hala ibiltzen dira hiribilduaren barruan. Baina, datuak gorabehera, «garraioaren zientziatik eta kudeaketa politikotik ez zaio ikusgaitasuna eman», Jose Fran Cid mugikortasun jasangarrian adituaren iritziz. Aukerarik «osasuntsuena, kutsadura gutxien eragiten duena, merkeena eta eskuragarriena» dela azpimarratu du, eta, hori horrela, «oinezkoen ahalduntzea» aldarrikatzen du, aintzat hartuak izate aldera.

Hain justu, hori da helburua Bilbon Oinez elkarteak antolatu duen ikastaroan, izenburuak aditzera ematen duenez: Osasungarriagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa den Bilbon ibiltzea. Cidek berak ematen du, elkarteko kide Antonio Palomar medikuarekin batera. Gogoeta gune bat egokitu dute, non, mugikortasun aktiboan oinarrituta, hura oztopatzen duten elementuen eta egoeren hausnarketa egiten baituten. Hiriaren diseinua dute jopuntuan batik bat, espaloi estuek, aldatzek, komun publiko urriek, eta auto ugariek oinezkoak baldintzatzen dituztelako, ikastaroko irakasleen arabera.

Horiez gain, kutsadurak ere ardura eragiten die ibiltariei, Palomarrek nabarmendu duenez: Bilbon behera egin dute jatorri industrialeko kutsatzaileek, baina ugaritu egin dira, aldiz, «autoenak, nitrogeno oxidoa, partikulak eta ozonoa», besteak beste. Alderdi horietan guztietan sakontzen jarraituko dute asteazkenean, ikastaroko azken saioan, Boluntak Bilbon duen aretoan.

Oro har, autoak kontuan hartuta diseinatu dira hiriak, Cidek azaldu duenez: «Autoaren erabilera ohikora bideratuta daude 1960ko hamarkadatik. Oinezkoen ahalduntzea da zalantzan jartzea egoera hori eta horrek dakartzan bide segurtasuneko arazoak». Izan ere, harrapatzeak dira oinezkoak «gehien beldurtzen» dituzten elementuak. 2021ean, lau lagun hil dira horrela Bilbon. «Ibiltzea pisua hartzen ari da poliki-poliki, baina istripuenak dira adierazlerik okerrenak. Hiriko zirkulazioan, oinezkoak dira zaurgarrienak, eta ondoren datoz ziklistak, patineteen erabiltzaileak eta motorzaleak».

Istripuen kopuruak behera egin duen arren, hildakoenak bere horretan jarraitzen du, Cidek nabarmendu duenez, eta, oinezkoen artean, adinekoak dira kaltetuenak. «Bilbok gero eta biztanleria zaharragoa du, eta egiten ari diren aurrerapausoak ez dira igartzen ari. Esfortzua egin behar da hiriak egokitzeko, autonomia izaten jarrai dezaten, eta ez daitezen geratu etxean sartuta». Hala ere, itxaropentsu agertu da Bilbon duela urtebete ezarritako neurri batekin: hiri barruan, ibilgailuen gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa da orain. «Langa hori gainditzen denean, ugariagoak eta larriagoak izaten dira harrapatzeak». Uste du arauak adierazle horiek hobetuko dituela.

Hitzak eta ekintzak

Oinezkoen segurtasuna bermatze aldera, egoeraren azterketa egitea beharrezkoa da, baina, txostenen edukiari ez ezik, formari ere erreparatu dio Cidek. Izan ere, azterketon ikuspuntuak «1990eko hamarkadakoa izaten jarraitzen du», adituaren hitzetan; «oso poliziala» dela dio, errua nork izan duen aurkitzea duelako helburu. «Baina akats bat baino gehiago egon ohi dira, eta askotan ez dira gertaeran parte hartu dutenenak, baizik eta bidea diseinatu duenarenak: ikuspen gutxiko bidegurutze bat egotea, esaterako».

Istripuak eragin ditzakete, halaber, ibilgailua gaizki aparkatzeak eta, ondorioz, oinezkoak ezin ikusi ahal izateak, edo autoaren diseinuak berak, beste arrazoi askoren artean. Horrenbestez, faktore horiek guztiak kontuan hartuko dituen begirada ere bada ahalduntzearen ardatzetako bat, eta irizpide hori ezarri duten herrialdeak dituzte eredu. «Europako legedi batzuetan, erantzukizunaren zati bat egozten zaio istripuan parte hartu ez baina bere arduragabetasunagatik hura eragin duenari», Cidek dioenez.

Baina ez da zertan txostenen diskurtso osoa aldatu onurak antzemateko, ezta kaleak goitik behera moldatu ere; nahikoa dira urrats txikiak, adituaren hitzetan. «Aldatz asko dituzten auzo garaietan edo etxeetan igogailuak ipintzen badira, jendea gehiago irteten da kalera». Espaloiak zabalagoak egiten direnean, beste horrenbeste gertatzen da, eta hiri altzariak ere gakoa dira. «Oinezkoentzat oso garrantzitsua da non jesarri izatea, batez ere adin batzuetatik aurrera, baita komun publiko garbi eta irisgarrien sare zabal bat izatea ere. Jendea gehiago irteten da, eta denbora gehiago egoten da kalean».

Emakumeak, ibiltariagoak

Aldagai demografikoan ez ezik, bestelakoetan ere arreta jarri du Cidek: generoan, esaterako. «Emakumeak gehiago ibiltzen dira oinez eta garraio publikoan, eta gizonek autoa eta bizikleta erabiltzen dute sarriago». Zaintzan ere hala gertatzen da: «Ikerketa zehatzak egin diren hirietan ikusi da oinez ibiltzen direla pertsonak zaintzeko mugitzen direnetako asko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Nagore Legarreta

«Sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Mitxelenak esan du sagardotegi garai "berezia" datorrela aurten; izan ere, lehen asteetan, behintzat, ezingo da zutik kontsumitu. Mahaira ekarriko dute sagardoa, pitxerretan edo botila gardenetan, iaz bezala.

Bizikleta zuri bat jarri dute istripua gertatu zen toki berean. ©URTZI URKIZU

Behar ez zuen ezbeharra

Urtzi Urkizu

Mila txirrindularik baino gehiagok Jon Rodriguez omendu dute: aurreko asteburuan hil zen, errepidean. Bizikleta zuri bat jarri dute istripua izan zen tokian, Gaintxurizketan, Irunen.

1 ©GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

«Arrano Etxearen historia amaitu egin da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

«Bizi proiektu bat» animalien zaintzari emana. Horixe da Albisu eta Garcia senar-emazteek Igeldoko euren etxean sortu eta jorratu dutena: teilatupea eta babesa. Aitortza nahikorik gabeko boluntario lana.
<em>Sin huellas</em> telesailaren grabaketak. Hori izango da euskarara bikoiztu edo azpidatziko duten lanetako bat. ©AMAZON PRIME

Espainiako Amazonek fikzio berriak euskaratuko ditu

Urtzi Urkizu

Ordainpeko plataformak iragarri du lan berriek euskarazko, katalanezko eta galegozko bikoizketak edo azpidatziak izango dituztela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.