Berdintasuna

Lasterketa morea bueltan da

5.000 emakumek parte hartuko dute Lilatoian bihar, esku bizikletan edo korrika. Bost kilometroko ibilbidea egingo dute, eta Bulebarrean hasi eta amaituko da.

2020ko Lilatoiko argazki bat. Urte hartan, 6.500 emakumek parte hartu zuten. FOKU.
ane insausti barandiaran
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Milaka emakume, elkarrekin kirola eginez kaleak hartzen, eta irribarrez. Argazki hori uzten du urtero Donostiako Lilatoiak. Egun batez, txalo eta animoen protagonista bihurtzen dira emakumeak, eta sinbolikoki bezain fisikoki hartzen dute espazio publikoa. Urtebeteko etenaren ondoren, bihar itzuliko da Donostiako kaleetara, 32. aldiz.

Iaz, osasun egoera zela eta, ez zuten Lilatoia ohiko moduan antolatu. Dena den, ez ziren geldirik geratu antolatzaileak, eta Lilatoi birtuala antolatu zuten: telefonoan aplikazio bat jaitsi, eta nork bere herrian egin zuen bost kilometroko ibilbidea, oinez, korrika, patinetan, ibilketa nordikoan edo eskuko bizikletan. Aplikazioak denbora neurtu zuen, kronometro birtual baten gisan, eta bakoitzak aukeratutako bidea eta modua edozein zela ere, ibilbidea egiteko erabilitako denbora kalkulatzen zuen.

Bihar, ordea, aurrez aurreko eredura itzuliko da, eta emakume kirolariz beteko dira Gipuzkoako hiriburuko kaleak. 2020ko ibilbide berbera egingo dute. Hiriaren erdigunean izango da lasterketa, Bulebarrean hasi eta amaituko da, Gros auzotik pasatu ondoren. Bi modalitatetan parte hartu daiteke aurten: lasterka edo esku bizikletan. 10:30ean hasiko da lasterketa, eta korrikalariek ordubeteko tartea izango dute bost kilometroko ibilbidea burutzeko.

Aurten, euro solidarioarekin irabazitako dirua WhyNot fundazioari emango diote, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta haien senideen bizi baldintzak hobetzeko xedez.

Parte hartzaileak, prest

Taldean zein bakarka, Euskal Herriko hainbat lekutatik joango dira emakumeak Lilatoira. Lekeition (Bizkaia), esaterako, urteak daramatzate taldea antolatzen, eta aurten, 40 emakume inguru batu dira, autobusez elkarrekin joateko. Iratxe Montes aritu da taldearen antolaketan: «Oraintxe bertan heldu naiz Eibartik [Gipuzkoa], dortsalak hartuta. Asmoa zen dortsal denak nik batzea, eta Andretxeari indar apur bat ematea, berria baita. Horrelako gauzak antolatzen hastea da asmoa».

Hamahirugarrenez parte hartuko du lasterketan: «Ni korrika hasi nintzen, umeak eduki eta gero. Egun batean, telebistan, Lilatoiari buruz hitz egiten ari zirela ikusi nuen, Donostian zela... 'Zer da hori?' pentsatu nuen. Eta han joan nintzen, neu bakarrik. Senarra han zegoen, umeekin, eta ni bakarrik korrika».

Eta handik aurrera, urtero hartu du parte. Pixkanaka hasi zen Lekeitioko beste emakume batzuk ere animatzen: «Jende bila hasi nintzen. Batu ginen batzuk, eta gogoratzen naiz, gainera, hasieran Debara [Gipuzkoa] arte autoz joan behar genuela, bertan trena hartu, eta Donostiara... Lekeitiotik ez dagoelako erraz joateko modurik». Orain, ordea, Lekeitioko Udalak jartzen du autobusa, eta zuzenean herritik joaten dira: «Oso ondo dago. Horregatik nahi dugu jendeak izena eman dezan, apur bat indartzeko».

Urtez urte handitu da parte hartzaileen kopurua; aurten, 5.000 emakumek egingo dute Lilatoia, osasun egoera dela eta. 2020an, ordea, pandemia hasi aurreko azken Lilatoian, 6.500 inguru izan ziren. Gorakada horren lekuko izan da lekeitiarra: «Ni hasi nintzenean ez zegoen jende asko, orain bikoiztu-edo egin da; lehen aldi hartanhiru mila pertsona inguru izan ginen. Flipatu egin nuen», adierazi du.

Korrika saioa amaitutakoan, Alderdi Ederrera joango dira, jan-edanen bila, eta bertan banatuko dituzte sariak: kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuei eta hiru talde handienei emango dizkiete sariak. Horrez gain, zozketa egingo dute, eta bost irabazle ere izendatuko dituzte.

Saririk onena, ordea, «parte hartzea eta lasterketatik harago egun osora zabaltzen den festa giroa» dela uste du Montesek. Izan ere, lasterketa aurretik zumba saioa egiten dute Gipuzkoako plazan, ibilbidea musikaz girotuta egoten da, batukada eta txaranga izaten dira...

Egun-pasa joaten dira lekeitiarrak, Montesen arabera: «Batzuk etxera itzultzen dira segidan, baina gu ez. Gainera, korrika egin eta gero, sekulako giroa egoten da kalean. Bukatu eta gero, txikiteoa egiten dugu batukadarekin batera, zazpi bat tabernatan. Eurekin bazoaz, pintxoa ematen dizute, eta jende asko animatzen da», azaldu du.

Egunaz gozatzera joango dira bihar ere: «Emakume denok pozik egon ohi gara, gozamena da. Pintxoak jan, pote batzuk hartu, ondo pasa, dantzan ibili... azken batean, emakumeok kaleak hartzea da, badakizu. Bai kirolean eta baita gero ere».

Olatura batzear diren horietako bat da Mari Jose Esteo, lehen aldia baitu aurtengoa: «Aurten hasi naiz besteegaz batera korrika. Pentsatzen dut ekintza polita dela; hainbeste andre elkarrekin joaten direnez, animatu naiz, eta korrika egingo dugu».

«Ekintza ezagutzera eta ondo pasatzera» doala azaldu du, baina baita aldarrikatzera ere: «Garrantzitsua hori da, jendeak ikustea andreek ere egiten ditugula horrelako gauzak. Kirola denok egiten dugula, ez futbola edo zestan bakarrik, baizik eta korrika ere bai!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.