Lerra kirolak

Mundua skate baten gainean

Luka Uzabalek 7 urte baino ez ditu, baina jada arrakasta lortu du skaterren artean. EAEn federatzeko daukan debekuak, ordea, traba ugari ekarri dizkio.

Luka Uzabal, egunero patinatu ohi duen Gasteizko skate parkean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
«Gogoratzen dut skate bat neukala aurrean, eta pentsatu nuen: probatuko dut, zergatik ez? Sofari heltzen nion, abiadura pixka bat hartu, eta egongelako hormaraino heltzen nintzen. Eta horrela, etengabe». Hala gogoratzen du Luka Uzabal gasteiztarrak skate baten gainean jarri zen lehen aldia, 2 urte baino ez zituela. Orain 7 ditu, baina, zantzu guztien arabera, badirudi etorkizun oparoa izango duela lau txirringen gainean. Bere aita Ruben Kintanak ere ongi gogoratzen du momentu hura: «Harrituta geratu ginen. Naturalki ateratzen zitzaion, eta posizioa haren kabuz hartzen zuen. Gero, 3 urte eta erdi zituenean, konturatu ginen haren adinerako ohikoak ez ziren gauzak egiten zituela. 4 urterekin jada moduluetara igotzen zen». 5 urte zituela egin zuen Euskal Herriko zirkuitu osoa, bowl modalitatean eta kalekoan.

2019. urtean Miarritzen (Lapurdi) jokatu zen mundu mailako skateboard txapelketa. Uzabalek 6 urte baino ez zituen arren, europarren arteko 10 urte azpiko mailan izena eman, eta 9 eta 10 urtekoen aurka lehiatu zen. 28 parte hartzailetik hamahirugarren geratu zen. «Lehenengo erakustaldia egin zuenean, epaimahaiarengana hurbildu ginen, 6 urte baino ez zituela esatera. Aho zabalik geratu ziren».

Espainiako txapelketarako prestatzen ari da orain. Oztopo bat aurkitu dute, ordea: hain gaztea izanda, Eusko Jaurlaritzak ez du federatzeko aukerarik ematen. «Eskola kirola baino ezin dezake egin, debekatuta dago txapelketetan parte hartzea. Iruditzen zait ume askoren potentziala alferrik galtzen ari dela neurri horiekin». Gauzak horrela, Gaztela eta Leonen federatu dute, Espainiako txapelketara joateko aukera izan dezan. AEBetan, adibidez, umeek 11 urterekin «Olinpiar Jokoetara joateko aukera» daukatela azaldu du Kintanak: «Lukak Euskal Herria ordezkatu dezan nahi dugu, ez beste erkidego bat».

Instagramen bidez ere ezagutu dute Luka Uzabal beste hainbatek. Hasieran aitak erabiltzen zuen, argazkilaritza gustatzen zitzaiolako. Baina semea taula gainean irristaka erakusten zuten bideoek arrakasta handiagoa izan zuten. Orain, 6.000 erabiltzailek jarraitzen dute Uzabalen salto bakoitza, eta horrek hainbat abantaila ekarri dizkio: «Instagramen bidez, markekin kolaborazio ugari egitea lortu dugu». Hiru babesle izan ditu haurrak, baina, aitaren esanetan, onak ziren «lehenengo hiru hilabeteetan», besterik ez. «Markek beren irudia erabiltzen dute irabaziak lortzeko, baina gero material gutxi bidaltzen dizkiote. Lukak urtean sei taula apurtzen ditu, eta arropa ere laster hondatzen zaio. Hornidura asko behar du». Orain, erabaki dute umearen babesleak «aitatxo eta amatxo» izango direla: «Instagramen kolaborazioak egiten jarraitzen dugu, baina babesle internazionalak bakarrik nahi ditugu, ez besterik».

Arrakasta eta haurtzaroa

Hala ere, gurasoek argi daukate sare sozialak eta arrakasta, oro har, arriskutsuak izan daitezkeela. «Etxean kontu handia daukagu horrekin. Dena ondo azaltzen diogu, eta komunikazio handia dago gure artean. Badaki potentzial handia duela, baina inoiz ez diot entzun inori esaten skatean txapelketetan aritzen dela. Ez dio gehiegizko garrantzirik ematen haren talentuari». Azaldu du momentuz guztia joko bat bezala ikusten duela semeak, eta garrantzitsuena orain haren motibazioa mantentzea dela. «Horrelako zerbait bizitzeko prestatu behar duzu umea, haren adinerako ohikoak ez diren gauzak bizitzen ari baita. Baina guztiaren gainetik, haren mundutxoa izan dezan lan egiten dugu: maitasun handia dago honen guztiaren atzean».

Txiki-txikitatik mundu mailako patinatzaile profesionalen bideoak izan ditu inspirazio iturri skater gazteak: «Bideoak ikusten nituen etxean, eta inbidia ematen zidaten. Orduan ni ere patinatzen hasi nintzen, eta azkenean skate parkera etorri ginen. Eta horrela, pixkanaka hasi nintzen ikasten...». Orain, itsasoaren bestaldean dauka familia osoak helmuga. «Amak eta biok zin egin diogu Lukari AEBetara eramango dugula urte pare baten buruan. Ez dugu amets amerikarrik nahi, Luka euskalduna delako. Baina saiakera bat egin nahi dugu, munduko onenekin egon dadin», azaldu du aitak. Ametsei buruz galdetzean, hain gaztea izanagatik ere, Uzabalek argi dauka: «Mundu osoa zeharkatu nahi dut skatearen gainean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.