Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zer eskatu

2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Zer eskatzen diozu zuk telebistari? Beste espeziekide batzuen korapilo eta arazoak erakustea, zuri gero eta zamatsuagoa zaizun bizitza hori arintzeko? Arratsalde euritsuetako tristura nostalgikoari bidea mozteko adinako umorea? Etxetik mugitu gabe eta pijamaz jantzita ere, zuzeneko emankizunak —bertso finalak, pilota partidak, igandeetako meza— zure egongelatik ikusi ahal izatea? Edo eskatzen diozu, nik zer dakit, han edo hemen lehertu diren sumendien, garatu diren birusen, jazo diren gatazka militar eta abarren berri ematea? Modako azken eztabaidagaiaz lagunartean segurtasunez jarduten jarraitzeko, arrazoia emango dizun iritzi-emaile sorta akaso? Telebistan ikusiko duzuna jakinduria eta inspirazio iturri izatea nahi duzu? Zu xaxatzea? Elikatzea? Entretenitzea? Dena? Ezer ez? Zer diozu?

Ez da erantzun erraz eta biribilik izan dezakeen galdera. Telebistara inertziaz edo ohitura hutsez jotzen dutenak dauden bezala, telebista inoiz ikusten ez dutenak ere egon badaude. Baina oro har, ikusle bakoitzak, une bakoitzean, bere grina edo gose zehatza izaten du, eta parean, hori bera aseko duen edukia: dela reality-a, dela zuzenekoa, dela filma, dela albistegia, dela... Ez da hartzailearen ustezko profilaren arabera sailka daitekeen zerbait, gainera: programa morbosoak barra-barra ikusten dituzten kultur zaleak dozenaka daude. Gosea gosea da.

Euskaldunok, gainera —kondena asko ditugu eta hau da beste bat—, ikusle soilaren rola utzi eta bigarren esanahi bat ere ematen diogu galderari: zer eskatzen diozu zuk «euskaldunon diruarekin» egiten den telebista publiko horri? Eta hor ere, nahi beste luzatzekoa da erantzun posibleen zerrenda: euskararen normalizazioan eragitea? Gazteei erreferente eredugarriak eskaintzea? Gizarte justu eta feministago baterantz egitea bultza? Inpartzialtasuna? Mundu mailan arrakasta duten formatuak euskaldunoi ekartzea? Euskal sortzaileen bozgorailu izatea? Dena? Ezer ez?

Zergatik horrenbeste galdera, pentsatuko duzu. Zer da hau, zure enegrama identifikatzeko test bat? Izan zitekeen, baina ez. Galdera hauek ez dira baieztapenak idazteari izkin egiteko trikimailua besterik. Hainbeste dira telebistari begiratzeko moduak, eta hain kontrajarriak askotan... Nola erabaki behar luke sasi-kritikari batek telebistari zer eskatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.