Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Igogailua

2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Egunerokoan, egin edo ikusi nahi dugun zerbait lortzeko bidean, gauza asko egiten ditugu. Etxetik ateratzerakoan igogailuan sartzen gara edota eskailerak jaisten ditugu. Horren ostean, kotxea, bizikleta edo garraio publikoa hartzen dugu helmugara iristeko. Egiten ditugun bidaien errutinaren parte dira, eta, konturatu gabe, denbora asko ematen dugu horretan. Telebistaren aurrean antzeko sentsazioa izaten dut. Gustuko dudan saio edo telesaila ikusterakoan, iragarkiak jartzen dituzten unean, nire burua etxeko igogailuan bezala jartzen da. Gustuko dudan hori ikusteko tramite hutsa da, baina ez dut interesik horretan. Denbora horretan, nire burua modu automatikoan jartzen da, eta, askotan, iragarkiaren mezua ez dut jasotzen. Iragarkiak ekiditeko plataformetako edukiak ikustea nahiago dut, baina dena ez dago plataformetan. Horietatik at, asko ikus daiteke Interneten, besteak beste, Youtubek edota telebistek eskaintzen dituzten nahieran bideak daude. ETBko saioak gutxitan ikusten ditut zuzenean. Madriletik EITB Basque katea ikusi behar dut, eta ez dute beti nahi dudana jartzen. Horregatik, Nahieran ataria asko erabiltzen dut. Duela bi aste Vikingak saioa ikusi nahi nuen. Udako saio batzuk ikusi gabe nituen, eta horiek ikusten hasi nintzen. Saioa ikusi baino lehenago, iragarki bat edo beste ateratzen da, eta, astebetez, Euskalteleko iragarki batek webgunea blokeatu zidan, eta nire helburua ez nuen lortu. Beste saio batzuekin saiatu nintzen, eta gauza bera gertatu zitzaidan. Ordenagailu desberdinak probatu nituen, eta gauza bera gertatzen zitzaidan: iragarkia ikusi ostean, Euskaltelen webgunera bideratzen ninduen irudi bat agertu zen, baina saioa ezin izan nuen martxan jarri.

Igogailu batean trabatuta banengo bezala sentitu nintzen. Zorionez, webgunearekin konponbide errazagoa izan nuen. Webgunea itxi eta beste telesail bat ikusteko aukera izan nuen. Egunero igogailu batean ematen dudan denbora iragarkiak ikusten ematen dudana baino laburragoa izaten da. Minutu horiek beti aprobetxatzen ditut neure buruari ispiluan begiratzeko edota jaka ixteko. Iragarkiak ikusten jarraitu beharko dugu, dohainik zerbait ikusteko bidea delako. Igogailuan, berriz, ispiluan begiratzeko denbora gutxi izaten jarraitu nahi dut, eta trabarik ez izatea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.