Greba orokorra. Atxikimenduak

Indartsu sentitzen dira

Sindikatuek 1.500 langile batzorderen atxikimendua lortu dute etziko greba deialdirako. «Erantzun zabala eta mobilizazio garrantzitsuak» espero dituzte

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kide diren sindikatuetako ordezkariak, greba deialdirako afixarekin. LUIS JAUREGIALTZO /FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kide diren sindikatuek —ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta EHNE— giharra erakutsi zuten atzo osteguneko greba orokorrerako deialdira begira. Garbiñe Aranburuk LABeko idazkari nagusiak «erantzun zabala eta mobilizazio oso garrantzitsuak» espero dituela esan zuen. Sindikatuak konfiantzaz daude, 1.500 langile batzordek atxikimendua erakutsi dietelako, eta 171 greba batzorde aritu direlako mobilizazioen prestaketan, «aurreko grebetan baino gehiago».

Sindikatuek ez zuten atxikimendu zerrenda osoa eman, baina ehun langile batzorderen entresaka bat egin zuten publiko. Tartean dira, besteak beste, CAF, Bankoa, Altuna y Uria, Petronor, Arcelor Mittal Bergara eta Lesaka, Ingeteam, Tubacex eta Zara enpresetakoak. Erakunde eta enpresa publiko askokoak ere ageri dira batzordeen zerrendan: Donostia, Iruñea, Bilbo eta Irungo udalak, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak, EHU; EITB, Euskotren, Gipuzkoako Urak, Pesa garraioak eta Haurreskoletako Partzuergoak, besteak beste.

Karta horiekin indartsu sentitzen dira, Aranbururen ustez, herritarrek eta langileek ulertu dutelako ez dela «ohiko» greba deialdi bat: «Borroka sozial guztiak batuko dituen egun bat da. Aktibazio sozialerako deia, greba egun bat baino gehiago». Erasora eginiko greba bat da, eta, alde horretatik, «edukirik gabeko elkarrizketa soziala» proposatzea egotzi zien Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Confebaski. «Antzerki hutsa da haiena, borrokari uko egin dioten sindikatuen eskutik egina». LABeko ordezkaria kritiko mintzatu zen UGTz eta CCOOz. « Uko egin diote CEOErekin zuten akordio bati, 1.000 euroko gutxieneko soldata ezartzekoari, eta argazki bat lehenetsi dute».

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia ere sinetsita dago greba egun honetatik «indartsuago» irtengo direla. Espainiako Gobernuak harturiko azken neurriak «eskasak» iruditzen zaizkiola esan zuen, eta arrazoiak sobera daudela greba egiteko. ELAko idazkari nagusiak erantzun egin zion Iñigo Urkullu lehendakariak bidalitako eskutitzari, eta «gezurretan» ibiltzea leporatu zion. Gogoratu zuen baduela gutxieneko soldata eta pentsioak hobetzeko eskuduntza, besteak beste legebiltzarreko zerbitzu juridikoak horrela esan zutelako, eta jende askoren lan baldintzak hobetu ditzakeela: «Lanpostu zuzenak eta azpikontratak zenbatuta, bera da Euskal Herriko enplegatzaile handiena».

Lakuntzak ulertezintzat jo zuen sindikatuen deiari uko egin izana, eta hitz gogorrak erabili zituen: «Demokraziaren ikuspegitik zaila da azaltzen herri bateko lehendakariak gehiengo sindikalarekin ez bildu nahi izatea. Demokrazietan ez da halakorik pasatzen, agintekeria zantzuak dira, eta lehendakariak hausnarketa egin beharko luke». Era berean, etzikoa «hasiera» baino ez dela esan zuen, eta grebak agenda politikoa baldintzatu nahi duela.

Bestalde, greba deialdiak Ezker Iraultzailea eta Ezkerreko Sindikalistak elkarteen babesa jaso du, eta, haienarekin batera UGTko, CCOOko eta CNTko 200 sindikalista ezagunena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.