Koronabirusa

«Egoera delikatu baten atarian» da Nafarroa, heriotzak ere ugarituta

Urriaren 12tik 18ra 74 pertsona hil dira COVID-19ak jota Hego Euskal Herrian; Nafarroan, asteartean soilik, zortzi. Gaur bilduko da Jaurlaritzaren aholku batzordea, eta litekeena da neurriak gogortzea

jon olano
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Astez aste okerrera egiten ari da COVID-19aren izurria, eta horren adierazle dira azken zazpi egunetan Hego Euskal Herrian koronabirusak jota hildakoen kopurua: 73 pertsona zendu dira hilaren 12tik 18ra bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuen arabera. Aurreko astean baino hamabi gehiago dira koronabirusagatik hildakoak —birusa zutela hildakoguztien datuak gaur emango dituzte—. Azken hiru asteetan goranzko joera hartua du hildakoen kopuruak. Azken orduetako datuek, gainera, iradokitzen dute zenbakiek okerrera egiten jarrai dezaketela datozen egunetan ere: Nafarroan herenegun beste zortzi pertsona hil zirela jakinarazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak; Bizkaian, berriz, azken 48 orduetan adinekoen zentroetako bi egoiliar hil dira, eta Arabako Foru Aldundiak ere zahar etxeetako beste bi egoiliarren heriotzaren berri jakinarazi zuen asteartean.

Ospitaleetako datuek ere ez dute hobera egin; 655 paziente daude erietxeratuta, eta horietako 97, zainketa intentsiboetako unitatean. Nafarroan, zehazki, 38 daude ZIUetan, eta Indurain kontseilariak aitortu du datu «kezkagarriak» direla horiek: «Detekzio gaitasunaz harago, datuek egoera delikatu baten atarian jartzen dute Nafarroako osasun sistema».

Gordin mintzatu da Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendaria ere; ohartarazi du lurralde horretan gaur indarrean sartu diren neurriak «oso gogorrak» izango direla, eta aparteko eragina izango dutela sektore batzuetan, baina beharrezkotzat jo ditu positibo kopurua «nabarmen eta berehala murrizteko». Haren esanetan, erietxeetan 344 ohe daude Nafarroan, eta haietatik 230 okupatuta daude oraintxe; ZIUei dagokienez, berriz, 86 pazienterentzako lekua dauka herrialdeko osasun sistemak, eta 38 paziente artatzen ari dira gaur-gaurkoz. «Ez dugu eskubiderik dauzkagun baliabideak muturreko tentsioan jartzeko», erantsi du Artundok.

14.542 PCR proba egin zituzten herenegun Hego Euskal Herrian, eta 1.186 positibo atzeman zituzten; positibo tasa %8,1ekoa izan zen, beraz. Egoera horren aurrean zein neurri hartu aztertzeko, LABI babes zibilerako Euskadiko planaren aholku batzordean batzartuko dira gaur Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateak, eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan ordezkaria, COVID-19aren izurriaren hazkundeari aurre egiteko «neurri selektiboak» hartzeko aukera aztertzeko. Zehazki, aztergai izango dute 5.000 biztanle baino gehiago izan eta 100.000 biztanleko 500 positibotik gorako tasa duten herrietan zer neurri hartu.

«Arazorik ez» bakartzeko

Ikusteko dago zer neurri hartuko dituzten, baina Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak ez lukeela «inolako arazorik» izango herri batzuk bakartzeko, horrek «ekarpenen bat» egingo balu.

Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, azaldu du «egoera epidemiologikoaren jarraipen zehatza» egiten ari direla, eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren bidez «esfortzu izugarria» egiten ari direla baheketak egiteko: «13 eta 40 urte bitarteko xede biztanleria identifikatzen ari gara udalerri batzuetan. Ikusiko dugu zeintzuk diren emaitzak». Beste behaketa baten berri eman zuen atzo arratsean Osakidetzak: Urnietan (Gipuzkoa) hasiko dira probak egiten, eta, hain justu, 13-40 urte arteko herritarrak deitu dituzte gaurtik aurrera PCR probak egitera. Gisa bereko baheketak egiten ari dira beste bi herritan ere: Durangon eta Ordizian—Zaldibiako herritarrak ere sartu dituzte Ordiziako baheketan—.

LABIren aholku batzordea gaur batzartuko da, eta EAEko Auzitegi Nagusia gaur bertan ematekoa da Jaurlaritzak izurriaren hazkundea apaltzeko hartutako neurriei buruzko ebazpena. Adibidez, bilerak sei pertsonatara mugatzea, elkarte gastronomikoak ixtea eta tabernen edukiera %50era jaistea erabaki zuen Jaurlaritzak. Espainiako Osasun Ministerioa ere gaur bertan egitekoa da Lurralde Arteko Batzordearen bilera.

Ildo horretan, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendarako idazkariak ETB1en eginiko elkarrizketa batean azaldu duenez, orain arte hartutako neurriak «nahikoa izan daitezen» hartu dira, baina erantsi du egoera «oso aldakorra» dela eta «astero eta ia egunero» aztertu behar dutela zer neurri hartu.

Eskumenik ez

Nafarroan, gaur sartu da indarrean gobernuak izurriari aurre egiteko onartutako dekretua. Javier Remirez bozeramaileak azaldu duenez, gobernuak aztertu zuen etxeratze agindua emateko aukera, pandemia apaltzeko «neurri oro positiboa» delako, baina ondorioztatu zuten Nafarroak ez daukala horretarako eskumenik.

Pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko, EH Bilduko alkateek «elkarlana eta baliabideak» eskatu dizkiote Jaurlaritzari. Zehazki, osasun baliabideak «modu partekatuan» erabiltzeko eskatu dio Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta Eudelen presidenteordeak Eusko Jaurlaritzari: «Gure herrietan baheketa bat egin behar izan denean, sarritan hedabideen bitartez izaten dugu horren berri. Beharrezkoa da informazioa partekatzea, dauden baliabideak partekatzea, horrela eraginkorragoak izango garelako birusaren aurkako borrokan».

Osasun Sailak kritika horiei erantzun die, esanez udalerriekin «lankidetzan» ari dela, eta egunotan ere bilerak egin dituela hainbat herritako alkateekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.